«Ikaragarri gustura ibili ginen Kaukason eskiatzen»

Iñigo Terradillos 2016ko api. 13a, 18:53

Asier Gutierrez eta Erlantz Gonzalez irurarrek 'Kaukaso, pistaz kanpo' ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute gaur, Irurako ikastolaren plazako egoitzan, 19:30ean.

Kaukaso pistaz kanpo. Zer topatuko dute ikus-entzuleek lan honetan?
Mendiko eskia gustatzen zaigu, eta leku berezi batera joan nahi genuen. Bideo batzuk ikusi eta gero Errusiara joatea erabaki genuen. Pasa den urteko urtarrilean joan ginen 20 egunerako. Elbrus mendi inguruan izan ginen, eta han bizitakoak kontatzen dira. 

Kokagune berezia. 
Elbrus Europako mendirk altuena da, eta neguan ez da jende askorik izaten. Bertara igotzeko intentzioarekin joan ginen. Ni ez nintzen igo, laguna bai. Pozik jaitsi zen, Europako mendirik altuenean egon eta gero, bista ederrak ikusi zituen. Ilusio berezia eman zion. 

Hotz egingo zuen ezta? Errusiako negua ez da makala izango.
Uste genuena baino epelagoa izan zen. Bertakoek ere esan ziguten udaberri giroa tokatu zitzaigula, urtarrilean joan izan arren. Hotza bazegoen, baina 10 gradu zero azpitik izan zen gehienera, eta azkenean ohitu eta dena egin ginen. 

Gorabeheraren bat ere izan zenuten joan aurretik.
Hegaldia merke topatu eta beroan hartu genuen, gehiegi begiratu gabe. Bisak eskatzerako garaian, eskatzen ziguten Errusiako hotel bateko konfirmazio bat, aseguru bat bertara joateko beharrezkoa dena... Dena egina genuela uste genuenean deitu gintuzten esanez bisa ezin zela egin, bigarren abizen bat falta zelako. Gabonak iristear ziren, eta bisak egiteaz arduratzen zirenek 10 jai egun izan zituzten. Bisak etxera iristeko zain egotea egokitu zitzaigun. Azkenean Madrilera joan behar izan genuen bila. Lasaitua hartu genuen jaso genituenean.

Errusia bezalako leku ezezagun batean ere, urduri?
Bertara iritsi eta ez genekien zer topatuko genuen. Gure hotelaren herria aireportutik hiru ordura zegoen eta, bertan lo egitea pentsatu genuen, gero autobus edo trenen bat hartzeko. Konturatzerako aireportutik kanpo ginen, eta taxista ilegal ugari guri oihuka. Horietako bat atzetik etorri zitzaigun eta esan zigun berarekin joateko. Azkenean baiezkoa eman genion, esperantza genuen jende ona izango zela. Azkenean ez zen horren abentura txarra izan. Txispa pixkat izan behar da.

Azkenean iritsi zineten. Zer moduzko lekua da Kaukaso eskiatzeko?
Bertakoek esan ziguten Europako jende asko ez zela bertara joaten. Gu ikaragarri gustura ibili ginen. Egia esan, eski estazioa ez zegoen asko prestatuta. Bi telesilla soilik zituen. Altueraren ideia bat egitearren, Uzturreraino igotzeko aukera izan genuen, eta handik bera jaitsi, ahal izan genuen moduan. 

Hemen gertu non egiten duzue eskia?
Normalean Pirinioetara joaten gara. Eguraldiaren arabera egiten dugu gainontzekoa. Euskal Herrian, Hiru Erregeen Mahaian izan gara adibidez. Leku askotara joaten gara furgonetarekin, lagunartean. 

[Elkarrizketa osoa audioan]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!