Diru publikoa «bidegabe» erabiltzea egotzi dio EH Bilduk Irurako Udalari

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 29a, 20:04
Irurako Udalaren webgunea.

Udalaren webgunea berritzeko kontratuak ika-mika sortu du EAJ eta EH Bilduren artean.

Irurako EH Bilduk salatu du udalak «diru publikoaren erabilera bidegabea» egin duela, «EAJko lagunei emanez diru publiko hori». Irurako Udalaren webgunearen berritzea Iketek enpresari ematearen arrazoia bertako nagusia EAJkoa dela esan dute eta «ez kalitatearena». Bere aldetik, Ana Leunda alkateak azaldu duenez, webgunea berritzeko proposamen ezberdinak eskatu zituen, «nire arduraren barruan baitago». Proposamenak aztertu ondoren, «Irura herriarentzat egokiena zen proposamena» aukeratu zuela azaldu du: «Ez merkeena ezta garestiena, egokiena, proposamenak aurkezten duen lan orduei eta eskainitako baldintzei erreparatuz».

EH Bildutik gaiaren berri nola izan zuten jakinarazi dute: «Webgunea berritzeko enpresa kontratatzeko, Irurako Udalak informatika gaietan aholkularitza ematen dion enpresari eskatu zion proposamenak egiteko. Enpresa horrek hiru enpresen artean bat aukeratzeko gomendatzen dio udalari, 7.000 euro inguruko aurrekontua aurkeztu dutenak». Foru Aldundira egindako dei batean, koaliziotik ikusten dute «mugimendu bat» izan dela: «Lehendabizi hiru enpresa horietako bat dago sartuta, eta gero aldatu egiten da, eta Iketek enpresa agertzen da. Ondoren jakiten dugu Iketekeko nagusietako bat Joseba Ormazabal Tolosako EAJko zinegotzia dela, eta gaia azaroko osoko bilkurara eramaten dugu».

Osoko bilkura horretan Leunda alkateari galdetzen diote Iketek enpresa aukeratzearen arrazoia, eta «erantzuten du merkeagoa dela». Azaroko osoko bilkuran aurrekontuak eskatzen dituztela azaldu dute koaliziotik. «Ikusten dugu garestiagoa dela, 12.000 euro gehi beza duen aurrekontua aurkeztu duela Iketek enpresak, eta abenduko osoko bilkuran esaten diogu tranpetan ari direla eta diru publikoa eman dietela lagunei».

Koalizioak gaineratu duenez, «txosten bat erakusten digu, gero onartzen du bere alabak egina dela, esanez beste hiru enpresa horiek ez dutela lan hori egiteko gaitasunik, eta Iketek gaitasun gehiago duela horretarako». Enpresa horiek ez direla berriak esan du EH Bilduk: «Gai horietan lanean ari direnak dira, eta gainera enpresa horien izenak eman ditu udalari aholkularitza zerbitzua ematen duen enpresak». Osoko bilkura horretan ere Iketek enpresari aurrekontua eskatzeko ideia nondik sortu zitzaion galdetu zioten alkateari. «Erantzuten du Tolosaldeko EAJren bilera batean atera zela aurrekontua eskatzeko proposamena».

Koalizioak ondorioztatzen duenez, «lan bat egiteko hiru aurrekontu dituzte 7.000 eurokoak eta azkenean kontratatzen dute 14.000 eurokoa, lan berdina egiteko. Gure ustez argi eta garbi garestiagoa da, baina alkatea urduri jarri zen, eta zerbait esateagatik esan zuen merkeagoa zela, eta ez onartzeagatik EAJkoa zela enpresa horren nagusia». EH Bildutik gaineratu dutenez, kontsulta egiten ari dira gaia auzitegira eramatea erabakitzeko.

Bestalde, Irurako EH Bilduk ere gogora ekarri du azaroko plenoan EAJko zinegotzi batek esandakoa: «Guk horrelako asko eginak genituela leporatu zigun. Akusazio bat egiten ari zela esan genion eta frogak erakusteko, bestela atzera bota beharko zuela publikoki esandakoa». Abenduko osoko bilkuran «gaizki hitz egin zuela» eta barkamena eskatu zuela esan dute EH Bildutik, eta gaineratu: «Beraiek bidegabekeria hori egin dutela inplizituki onartzea izan da».

Ana Leunda: «Ni difamatzen saiatzen ari dira»

Erabakia hartzerakoan, Ana Leundak jakinarazi duenez, «kontratazioaren kopuruari erreparatuz, legez alkatearen ardura da erabaki hori hartzea. Batzuetan gutxieneko hiru gonbidapen egin behar dira, eta ez da hau kasua, eta besteetan lehiaketa bidez, eta hau ere ez da kasua».

Iketek enpresa eta EAJko kide baten arteko loturari dagokionez, enpresa horretan zortzi langile daudela esan du, eta horietako bat EAJko kidea dela. «Zorionez, batzuen nahiaren kontra, askatasun ideologikoa dugu gizarte eredu bezala. Nire erabakiak inoiz ez dira herritarren ideologi politikoan oinarritzen. Besteengandik berdin pentsatzea gustatuko litzaidake», zehaztu du Leundak.

Irurako alkateak azaldu duenez, «gauza bat argia da, Irurako EH Bildu saiatzen ari dena egiten nirekin difamazioa da, ez dago inolako irregulartasunik. Kontu guzti honetan bidegabea den gauza bakarra fundamenturik gabeko salaketa bat egitea da. Enpresa bat eta bere langileak erabiltzea, etika gabeko joko politiko bat eginez, benetan mintzen nau». Leundak gaineratu duenez, «Irura herriko ordezkari nagusia naizen aldetik, merezi dudan errespetua eskatzen dut. Ez niregatik, herriagatik baizik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!