Gutuna: Irurako EAJ tranpetan eta gezurretan

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Irura 2015eko abenduaren 29a

Irurako Udaleko web orria berritu behar zela eta, informazioa eskatu zion Udalak informatika kontuetan aholkularitza emateko kontratatuta dagoen enpresari. Honek hiru enpresen aurrekontuak eman zizkion, hirurak 7.000 euroren bueltan zebiltzalarik.

Zergatik ez dakigun arren, Udal Gobernua nonbait ez zegoen gustura proposamen horiekin, eta PNVko bilera batean, Tolosan, IKETEK enpresari beste aurrekontu bat eskatzeko proposatu zioten Irurako Udalari. IKETEK enpresak 12.000 euroko aurrekontu bat aurkeztu zuen lan berbera egiteko, B.E.Z. zerga aparte joango litzatekeelarik gainera.

Eta azkenean IKETEK enpresa izan zen aukeratua. Eta nor da IKETEK enpresako nagusietako bat? Joseba Koldo Ormazabal Lopez, PNVko zinegotzia Tolosako Udalean.

Larria da gure ustez gaia. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta lagunei ematea gutxienez irregulartasuna baita. Gutxienez irregulartasuna den bezala prebarikazioa, "agintari publiko batek, kontzienteki, erabaki bidegabe edo injustu bat hartzea". Hau baldin bada PNVren gardentasuna eta gobernantza berria, nolakoa ote zen lehengoa... Hau baldin bada kudeaketan eredugarri izatea...

Gainera, Ana Leunda alkateak, proiektu "merkeena" aukeratu zutela defendatu du udalbatzarrean bi aldiz, eta zinegotzi batek gehitu zuen "zuek (Bilduk) ere horrelakoak asko egin dituzue", inplizituki onartuaz zer gertatu den, eta frogarik gabeko salaketa eginez, beraiek egindakoa ezkutatu nahian (horregatik hilabete beranduago, abenduko batzarrean, akatsa onartu eta barkamena eskatu behar izan du publikoki).

Azti ibili beharko dugu hurrengo hiru urteetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!