Irurako Jaiak 2015

Gora Sanmielak!

Mikel Iraola 2015ko ira. 25a, 19:55

Herensugearen jaitsierarekin hasi dira Irurako jaiak. Xabier Artola eta Miriam Aizpurua herriko gazteak izan dira txupinazoa botatzeaz arduratu direnak. Ondoren, danborrada izan da.

Danbor hotsekin hasi dira Sanmielak Iruran. Arratsaldeko 18:30ak pasatxo zirenean jaurti dute txupina, herriko plaza jendez gainezka zela.

Xabier Artola dantzaria eta Miriam Aizpurua arraunlaria izan dira aurtengo pregoilariak. "Gure herriko festei hasiera ematea ohore bat izan da. Gainera gure lorpenengatik izan gara hautatuak eta horrek poza eta ilusioa sortu digu ere, gure lanari nolabaiteko errekonozimendua delako" aipatu du Aizpuruak segidan. Artolak "urduritasunarekin" bizi izan du gaurko eguna, baina pozik da: "herriak horrelako harrera egitea oso pozgarria da".

Ana Leunda alkateak bi herritarrenganako hitz onak besterik ez ditu izan: "Beren lorpenengatik aukeratu ditugu txupinazoa botatzeko, baina gure esker ona Iruraren izen ona zabaltzen laguntzen dutelako". Era berean, "ongi pasatzeko" deia egin du Leundak.

EH Bilduren protesta

Gaur goizean udal gobernuak hiru pankarta kendu izana salatu du EH Bilduk plazan bertan. "Autodeterminazioa", "Dispertsiorik ez" eta "Eraso sexistarik ez" lemapean zeuden jarrita plaza inguruan eta goizean EAJren udal gobernuak erretiratzeko eskatu ditu, "Irura txukun eta despolitizatuta" mantentzeko eta "baimenik eskatu ez dutelako".

Koalizioak salatu du kartelak "giza eskubideen aldeko aldarrikapenak besterik ez" direla, eta dauzkaten "bitartekoak" erabiltzen dituztela mezu horiek zabaltzeko. Halaber, udal gobernuari eskatu diote kontrako iritzia onar dezan "gustukoa izan ez arren eta inposiziorik gabe". Hori dela eta pankartak berreskuratu eta plazan bertan izan dira horiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!