Udazkena hastearekin batera, Irura aldera begiratzen dute Tolosaldean festazaleek, eta eskualdetik kanpoek ere, herensugea ikur duten San Migel jaien berri izateko. Bada, gaur bertan hasiko dira Irurako jaiak eta hilaren 29ra arte, San Migel Eguna, eta hurrengo asteburuan izango dituzte ekitaldiak. Zazpi egunez, beraz, izango da zer egin, ikusi eta entzun herrian. Horrez gain, urriaren 1ean eta 11n, erretirodunei zuzendutako jarduerak izango dira.
Marta Castrillok lehenengo aldiz biziko ditu jaiak Kultura zinegotzi moduan. Festak nola doazen gertutik jarraituko du: «Beti tokatzen da gauzak egitea. Gainera boluntarioak eskatzen ditugu, adibidez haur bazkarirako, eta hor ere laguntzen ariko gara». Boluntarioei dagokionez, Alex Lasa Kultura teknikariak azaldu duenez, «nahi izaten dugu ekitaldientzako behar ditugun boluntarioak aurrez izena emanda egotea, horrek lasaitasuna ematen dizulako antolakuntzari begira, baina ez da erraza izaten hori lortzea. Gero, egunean bertan jendea beti prest agertzen da laguntzeko». Otorduekin lortutako ekitaldiek eskatu ohi dituzte boluntario kopuru handiena. Haur bazkariaz gain, San Migel Eguneko hamaiketakoa, sagardo dastaketa... Azken horretan, ia bi mila pintxo egin eta banatzen dituzte.
Udalean sartu eta berehala festen prestaketetan murgiltzea egokitu zaio Castrillori. «Bilera asko denbora gutxian izan da niretzako. Ekainean sartu udalean, eta uztailean bilerak eta bilerak egin ditugu. Eskerrak laguntza pila bat dagoela. Niretzako denbora gutxi izan da festak prestatzeko, eta horregatik datorren urtean lehenago hasi behar dugu lan horretan».
Bederatzi egun azaltzen dira egitarauan, eta Castrillok azaldu duenez, «San Migel Eguna asteko zein egunetan izaten den markatzen du. Aurten asteartea da, eta horregatik, aurreko asteburuan eta hurrengoan egingo dira jaiak». Bihar eta hurrengo larunbata izango dira egun indartsuenak. «San Migel bezperan, aurten astelehena izanik, ezin dituzu gauza asko jarri», azaldu du Castrillok.
Berritasunak
Aurten ekitaldi berri batzuk izango dira. «Asto lasterketa egingo dugu, eta Juan Karlos Diez Sotok erakustaldia emango du ipurdiarekin intxaurrak apurtuz. Break dance emanaldia ere izango da», esan du Castrillok. «Asto lasterketa orain dela urte dezente egiten zen, eta haurrak gustura ibiltzen ziren», du gogoan zinegotziak. Gorritik ekarriko ditu astoak eta gero egunean bertan izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek. Bestalde, norbaitek intxaurrak ipurdiarekin puskatzeko saiakera egin nahi badu, aukera izango da horretarako. Diez Sotok hainbat Guinness marka lortu ditu, azkena minutu batean 81 intxaur puskatzea.
Jai batzordera herriko tabernariak, gazteak eta lehenengo bilerara haur batzuk ere joan ziren. «Gazteek batez ere larunbateko kontzerturako zein talde ekarri proposatu zuten», dio Castrillok, eta gaineratu: «Haurrek buruhandiak bost egunetan izan nahi zituzten, egunero; azkenean bi egunetan aterako dira. Beraiek atera nahi dute buruhandi moduan». Askok izena emanez gero, zozketa egin beharko dute maskuria zeinek hartuko duen erabakitzeko.
Erakarpen handienetakoa duen ekitaldia, batez ere kanpotik joaten direnentzat, bihar izango den rock gaua da. Gatibu izango da emanaldiko talde nagusia, aurretik Strombers taldea ariko da, eta saioari amaiera emateko DJ Bull herritarra. «Trenean etortzen da jende asko, eta autobusean ere», dio Castrillok. «Nire garaian Egan etortzen zen, eta ni Hernanitik etortzen nintzen kontzertuetara. Ikusten genuen zer kontzertu zeuden, eta herri batetik bestera mugitzen ginen. Gaur egun ere berdin egiten dute gazteek». Kontzertura joan nahi ez duenarentzat beste aukera bat izango da Garbilekuaren plazan: 80 hamarkadako musika dantzagarria eta goateke-giroa. Imanol Caballero herritarra ariko da bertan musika jartzen.
Hiru bazkari egun berean
Gazteen Eguna ere bada biharkoa. Egun horretan, gazteak baserrietatik itzulia egiten dute. Gero dantza soka egingo dute plazan, eta aurten mutilei egokitzen zaie. Gazteek bazkaria izango dute, baita beste bi ere egingo dira egun berean: haurren bazkariaz gain, aurten berreskuratu egingo da ere bikoteen bazkaria. «Jendea hasi zen eskatzen eta erabaki da antolatzea», azaldu du zinegotziak. Herri bazkaria ere izango da, baina hori bigarren larunbatean egingo dute. Bai bikoteen bazkarirako zein herri bazkarirako haurtzaindegi zerbitzua izango da. Izena ematerakoan zerbitzu hori nahi den adierazi behar da.
Play back jaialdia da arrakasta izaten duen beste ekitaldietako bat. «Azken bost-sei urteetan gazte talde bat dago oso ikuskizun polita egiten duena, 20 minutu ingurukoa, eta gero haur talde dezente aurkezten dira. Udan entseguak egiten aritzen dira», azaldu du Lasak. Plaza bete egiten da. «Funtzionatzen duen gauza bat da: jendea joaten da ondo pasatzera, ez hainbeste ondo egitera. Haurrek sekulako ilusio jartzen dute».
Indarra hartu duen beste ekitaldia txupinazo egunean egiten den haur eta helduen danborrada da. Ehundik gora danbor jotzailek eman dute izena, eta batez ere haurrak izango dira protagonista. «Adin guztientzako pentsatuta antolatu dira ekitaldiak», nabarmendu du zinegotziak. Bestalde, kokalekuei dagokionez, zenbait aldaketa ere izan dira. Esaterako, Garbilekuaren plazan izango da haur parkea eta Trinketeko aparkalekuan egongo dira barrakak. Horrez gain, haurrek eskatuta, aurten Gorritiren abereak eta apar festa egitaraura itzuli dira. «Urtero eskema antzekoa da», esan du Lasak. «Kontua ez da urtero festa ezberdinak egitea, baizik ondo funtzionatzen duten ekitaldiak mantentzea, eta berriren bat sartzea ikusteko arrakastarik baduen».
Txosna ere izango da udaletxe atzeko plazan. Gazte Asanbladak izango du ardura asteburu batean eta bestean Ikastolak izango du. Ikastolak ere barra bat jarriko du Zaharren biltokiaren aurrean.
Erretirodunek festez gozatzen dute, eta gainera bi egunetako ekitaldiak beraiek antolatu dituzte. Urriaren 1a Nagusien Nazioarteko Eguna da eta kantu saioa egingo dute, besteak beste. Horrez gain, udalak laguntza bat ematen die urtero beraien festa egiteko, eta hori urriaren 11n izango da. Jaien egitarauan sartzen bada ere, erretirodunei zuzendutako festa izaten da.
Egitaraua 2015
IRAILAK 25, OSTIRALA
18:30. Agurra, txupinazoa eta herensugea jaistea.
19:00. Haur eta helduen danborrada.
21:00. Barrikotea. Oharra: zero zabor filosofiarekin bat eginez, ahalik eta zabor gutxiena sortzeko, barrikotean afaldu behar dutenek etxetik ekarri behar dituzte mahai-tresna, jan-ontzi eta eskuzapi berrerabilgarriak, eta bukatutakoan eraman egin behar dituzte.
Ondoren. Dantzaldia Zesuma taldearekin.
IRAILAK 26, LARUNBATA
09:00. Gazte festaren hasiera.
11:00. Haurrentzako sormen tailerrak.
11:30. Patata- tortilla lehiaketa.
13:00. Gazteen dantza-soka.
14:00. Haurren bazkaria San Migel plazan.Ondoren, Industriaren parkea Kulki taldearekin.
14:30. Gazteen bazkaria Share Elkartean.
14:30. Bikoten bazkaria Aizpurua Jatetxean. Prezioa: 30 €. Txartelak aldez aurretik erosi behar dira.
Zaintza zerbitzua egongo da. Ondoren musika dantzagarria Olatz eta Xabierrekin.
17:00. Apar festa Loatzo Plazan.
18:00. Kalejira Ttek elektrotxarangarekin gazteen karpatik aterata.
21:00. Gazteen afaria.
23:00. Rock kontzertua San Migel Plazan: Strombers, Gatibu eta DJ Bull.
23:00. Dantzaldia garbilekuko plazan: 80. hamarkadako musika dantzagarria eta goateke-giroa.
IRAILAK 27, IGANDEA
12:00. Gorritiren abereak.
17:00. Herri kirol saioa, Jesus Mari Mugika, Ernesto Ezpeleta Bihurri, Ugaitz Mugerza eta Jose Mari Esnaola aizkolariekin eta Jose Agustin Landarbide harrijasotzailearekin.
19:00. Sagardo-dastatzea.
IRAILAK 28, ASTELEHENA
17:00. DJ Porru haurrentzako erromeria.
18:15. Kalejira buruhandi eta erraldoiekin eta Loatzo Musika eskolako trikitilari eta txistulariekin.
19:30. Udaberri dantza taldearen emanaldia.
IRAILAK 29, ASTEARTEA SAN MIGEL EGUNA
09:00. Diana txistulariekin.
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Irurako dantzarien emanaldia eta, jarraian, hamaiketako herrikoia.
17:00. Break dance ikuskizuna Urban 13 kolektiboaren eskutik garbilekuko plazan.
18:00. Loatzo Musika Eskolako bandaren emanaldia.
URRIAK 1, OSTEGUNA NAGUSIEN NAZIOARTEKO EGUNA
18:00. Plazan kantu-saioa Irurako jubilatuekin eta ondoren Irurako dantzari txikien emanaldia.
URRIAK 2, OSTIRALA
17:30. Frontenis txapelketaren finala trinketean.
18:30. Kalejira Loatzoko txistulariekin eta buruhandiekin
Ondoren, txistor-jatea Share Elkartean.
22:30. Play Back jaialdia San Migel plazan
Ondoren. Dantzaldia Laket taldearekin San Migel Plazan.
Oharra: Parte hartzaileek musika MP3 formatuan ekarri beharko dute 21:30erako.
URRIAK 3, LARUNBATA
11:00. Haur parkea garbilekuko plazan.
13:00. Juan Carlos Diez Sotoren erakustaldia, ipurdiarekin intxaurrak puskatuz San Migel Plazan.
14:30. Herri bazkaria San Migel Plazan. Prezioa: 20€. Txartelak aldez aurretik erosi behar dira. Zaintza zerbitzua badago.
16:00. Haur parkea garbilekuko plazan.
17:30. Asto-lasterketa Etxezarreta kalean.
19:30. Bertso saioa San Migel Plazan: Bertsolariak: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto eta Miren Amuriza. Gai jartzailea: Aitor Mendiluze.
23:00. Dantzaldia Egan taldearekin San Migel Plazan.
24:00. Herensugea erretzea. Oharra: Jai batzordeak festazale guztiak animatzen ditu erreketa-ekitaldira dolumin-jantziekin etortzera.
URRIAK 11, IGANDEA JUBILATUEN EGUNA
12:00. Meza nagusia
14:00. Bazkaria trinketean jubilatu eta pentsiodunentzat. Prezioa 12 €.
Ondoren. Musika dantzagarria Joxe Mendizabalekin.