"Babarrunari esker gauza asko ikusi eta bizitzea egokitu zait"

Iñigo Terradillos 2014ko aza. 14a, 11:52

20 urtez zuzendaritzan eta 18 urte lehendakari izan eta gero, postua uzteko unea dela erabaki du Mari Karmen Iradi irurarrak. Tolosako Babarrun elkarteko lehendakari moduan gauza asko bizitu dituela nabarmendu du, eta zailtasunak-zailtasun, elkarteak urte hauetan guztietan babarrunari dagokion lekua ematea lortu duela azpimarratu du.

18 urte eta gero lehendakari postua utziko duzu.
Garaia da uzteko, eta gazteei ere utzi behar zaie lekua, gainera. Penaz uzten dut, baina, baita pozez ere, lortu den guztia ikusita. Babarrun elkarteko lehendakari izateagatik gauza asko ikusi eta bizitzea egokitu zait, leku askotan izan naiz, eta jende asko ezagutu dut. Horrekin batera, babarruna oso preziatua dela ikusi dut. Asteburu honetan izango dugun Babarrun Asteko ekitaldiek ere ilusio handia egiten dute. Niretzat oso polita izan da.

Gauzak asko aldatuko ziren 18 urteetan, ezta?
Asko. Hasieran, lan guztia etxean egiten genuen, aletu, bereiztu, zakuratu, izoztu... hori dena etxean egiten genuen. Gerora, eskaera handituz zihoan heinean, eskakizunak ere handituz joan ziren, eta izena ematetik hasi ginen. Tolosako Babarrun elkartea erregistratu genuen.

Pauso hori eman eta gero etorriko ziren hurrengo lorpenak.
Kostata, baina, lortu genuen elkartea erregistratzea, eta ondoren, egoitza eskatu genion udalari. San Esteban auzoan utzi zigun udalak lokala eta lur saila. Makina bat eskuratu genuen, babarruna aletzeko, eta bereiztera etxera eramaten genuen. Gero, bereizteko makinak ere egoitzan jarri genituen. Honela, lan izugarria kentzen da. Zomorroari ere gogor egin behar zitzaion, berehala sortzen zelako. Orduan, izozgailuan sartzea pentsatu zen. Elkartean izozgailua jarri genuen, eta orain ale guztiak handik pasatzen dira. Gaur egun, beraz, etxean bildu, ganbaran lehortu eta zakutan jaso ostean, elkartera eramaten da dena, han aletu, bereiztu eta izozteko. Zakuratu eta saltzeko prest uzteko. 18 urte horietan, pausoka- pausoka lortuz joan gara hori dena. Label ziurtagiria ere sortu genuen, eta horrek indar handia eman zion.

Zenbat ekoizle zaudete elkartean gaur egun?
Gipuzkoa guztiko 40 ekoizle gaude.

Zenbat kilo jaso dituzue aurten?
20.000 kilo espero ditugu. Pasa den urtean 14.000 izan genituen, eta aurten, beraz, 6.000 gehiago espero ditugu. Lehortea dela, edo euri gehiegi dela, beti izaten dugu desberdintasunen bat. Aurten, egin duen eguraldiaren ondorioz, kilo gehiago izango ditugu. Horretaz gain, ekoizle gehiago ere baditugu aurten.

Eguraldiak eragin handia izaten du ekoizpenean. Zergatik?
Biltzeko garaian ere eguraldiak zerikusi handia du; erdi helduak geratzen diren horiek, iraila-urrian eguraldi ona egiten badu heldu egiten dira, eta orduan dena jasotzen duzu.

Kalitateari begiratuta, nolakoa da aurtengo babarruna?
Era askotarikoa. Leku batzuetan oso ona, eta beste batzuetan herdoilak jota ere bai. Hala ere, orokorrean, oso ona dator.

Gaur egun oso preziatua den jakia da, eta lehen ere hala al zen?
Ez. Elkartea sortu aurretik oso egoera txarrean ere egon zen, prezioak oso behetik zirelarik, eta gero eta ekoizle gutxiagorekin. Elkartearekin lanean hasi ginen, eta pixkanaka suspertuz joan zen.

Goi mailako jatetxeetan ere bere lekua izatera iritsi da babarruna.
Hala da. Garai batean etxean jaten zen. Gaur egun, kanpoan lan egiten dugunez, babarrunak prestatzeko ere denborarik ez, eta jatetxeetan eskatzen du jendeak. Babarrunak bere 'sakramentuekin' plater polita eta osatua izaten da.

Zure kasuan, nola gustatzen zaizkizu?
Egosi, babarrunak bakarrik egosi behar izaten dira, olioa, gatza eta tipula pixka batekin. Berez, ez da zaila babarrunak prestatzen. Denbora behar da. Hiru bat ordu behar izaten dira. Lagungarri edo 'sakramentuak' bereiztuta egosi behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!