Zahar eta Gazteen Arteko II. Olinpiada Herrikoia jokatuko dute Iruran, larunbatean

Ataria 2013ko apirilaren 10a

Zahar eta Gazteen Arteko Olinpiada Herrikoia jokatuko dute, bigarren urtez, datorren larunbatean, hilak 13, Iruran.

Pasa den urteko giro onaz bultzatuta, esperientzia errepikatzea erabaki dute udalak eta Irurako Gazte Asanbladak. Aurtengo ediziorako, lehengo urtean baino jende gutxiagok izena eman duen arren, ia dena prest dute larunbatean egun borobila pasatzeko. Izan ere, egun osorako egitaraua prestatu dute.

Goizean zahar eta gazteen aurkako kirol lehiaketak egingo dituzte. Futbolean, saskibaloian, edota boleibolean lehiatuko dira. Pasa den urtean, eguraldi txarrak bultzatuta, frontoian egin zituzten partidak. Larunbatean, eguraldi ona eginez gero, herriko plazan izango dira.

Ondoren bazkari herrikoia izango da. Giro onean jarraitzeko, arratsaldean, taldekako jolasak izango dira: sokatira, lokotx biltzea, txingak, gerrian lotuta zintzilik dagoen boligrafoa botila batean sartzea... Pasa den urtean, zaharren taldea izan zen garaile. Amaitzeko, musikaz alaitutako poteoa egongo da.

Igandean, xare partidak

Igandean, xare txapelketetako finalerdiak jokatuko dira Irurako Ametsa Trinketean. 16:30ean, beteranoen txanda izango da. Lasa eta Cosio, Caballero eta Artolaren aurka arituko dira lehenengo. Ondoren, Morcuende eta Lasak, Balerdi eta Yurritaren aurka jokatuko dute. 18:00etan, Share Elkartea Sariko beste bi finalerdiak jokatuko dira: Apeztegia eta Lopetegi, Guti eta Larrarteren aurka arituko eta jarraian, Lizaso eta Vinuesa dira, Santano eta Artolaren aurka lehiatuko dira. Finalak, datorren hilaren 21ean, igandean, jokatuko dira.

IV. Kros Herrikoia

Igande horretan bertan, IV. Bailarako Kros Herrikoia jokatuko da Iruran. 10:30ean, aurre-benjamin, benjamin, alebin eta infantilen txanda izango da. Gaztetxoenek 312 metroko ibilbidea egingo dute. Benjaminek, 625 metrokoa, eta gainontzekoek 1.250ekoa. 11:30ean, berriz, kadeteak (4.000 metro) eta helduak (6,800 metro) hartuko dute parte. Izen-emate epea zabalik da, eta dohakoa da. gazteirura@hotmail.com helbidean, edo egunean bertan, irteera baino ordu erdi lehenago egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!