Irratia

Komunitatea

-- Ataria --
10 atal entzuteko
Komunitatea 5. saioa
2014/06/10
Ikasturtea bukatzear den honetan eta askok udara oporretarako eta atseden hartzeko duten bezala, beste askok formatzen jarraitzeko erabiltzen dute, eta AEKn ere horretarako aukera badago. Urtero bezala udako eskaintza prestatu baitute euskaltegian. Horren berri emango digu Kristina Bernalek.
Komunitatea 4. saioa
2014/06/03
Ingumenaren Nazioarteko Eguna dela eta bi gonbidatu izango ditugu gaur. Batetik, Juan Tolosako Ingurumen Zentroko Juan Unzueta Haurren Hiria izeneko proiektuaren inguruan hitz egiteko, eta bestetik, Eguzki taldeko Garikoitz Plazaola. Gladys del Estal hil zutela 35 urte bete dira aurten, eta Donostiako Gladys Enea edo Cristina Enea parkean egindako omenaldiaz hitz egingo dugu berarekin, besteak beste. Gogoratu behar dugu Gladys donostiar ekintzaile ekologista bat izan zela, eta Guardia Zibilaren kide batek tiroz erail zuen Tuteran, protesta antinuklear bat erriprimitzean.
Komunitatea 3. saioa
2014/05/27
Tolosan lehenengoz egingo den Udalerri Euskaldunen Egunaren harira Villabonako Euskal Herrian Euskarazeko kide Xabat Laborde gonbidatu dugu Komunitatearen tartera. Ondoren, Xabier Bengoetxea entzun ahal izango dugu, izan ere, Bengoetxeak eskualdeko hainbat herritako euskararen egoera aztertu du, arnasguneei buruzko lan bat osatuz.
Komunitatea 2. saioa
2014/05/20
Tolosako Udaberri dantza taldeak lan asko egiten du urtean zehar ikastaroez gain, eta Komunitatean oso aktibo mantentzen da bere ibilbidearen berri emanaz. Egiten duten lan guztiaz hitz egiteko taldeko Irati Artutxa eta Idoia Aiestaran izan dira Komunitatearen tartean.
Komunitatea 1. saioa
2014/05/13
Komunitateari leihoa ireki eta ekarpenen berri eman ostean, elkarrizketaren tartean, Hirukide ikastetxean gizarteko azken joerei moldatzeko hainbat egitasmo abiarazi dituztenez horien berri emateko Txaro Etxeberria Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zuzendaria eta Xabi Gomez zuzendaritza taldeko kidea gonbidatu ditugu. Ikastetxeak ez baitira, gaur egun, formazioa jasotzeko eta edukiak ikasteko leku soilak, hori baino gehiago izan behar dira. Gaur egun, sare sozialak, interneta, komunikabideak... horiek guztiak daude guztion eskura, zer esanik ez gazteen eskura, eta irakasleek ere ezin muzin egin horri, eta erronka horri ere eutsi beharrean daude Hirukiden.
Komunitatea 0. saioa
2014/05/06
Saio berri bat hasiko dugu gaurkoan, Komunitateari eskainitakoa, hain zuzen. Izan ere, badakizue Ataria komunikazio taldea sortzerakoan Komunitatea abiarazi genuela. Hain justu, zuen tartea izatea helburu duen tartea. Eta orain arte webgunean, ataria.infon, zenuten txokoa zabaldu nahi izan dugu, eta irratian ere tokia egin. Komunitateko ekarpenen errepasoa egingo dugu lehenik, eta elkarrizketaren tartean Tolosa Euskararen Hiria egitasmoko Igor Mujika gonbidatu dugu. Ondoren, Kepa Errasti izango dugu gurekin. Errasti 'Euskaldun berriaren esketxa' laneko gidoia eta zuzendari lanak egin ditu.
Komunitateko 9. saioa
2014/07/15
Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko Amando Hernandez eta Banaiz Bagara elkarteko Petra Elser gonbidatu ditugu saiora. Hernandezek 2014-2015 ikasturteko matrikularen inguruko xehetasunak izan ditu hizpide, eta berrikuntza baten berri ere eman du. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera merkatariei egokitutako eskolak emango dituzte. Etorkinak euskarara ekartzea helburu duen Banaiz Bagarako kideak udan euskaraz hitz egiteko antolatzen dituzten ibilbideen berri eman du.
Komunitateko 8. saioa
2014/07/08
Gaurko saioan Mintzola fundazioko zuzendaritzako kide den Karlos Aizpuruak Ahoa Bete Hots jardunaldien inguruko balorazioa egin du, eta Nora Urbizu Villabonako Euskara eta Kultura Zinegotziak Mintzola fundazioa herrian edukitzeak suposatzen duenaz hitz egin du.
Komunitateko 7. saioa
2014/07/01
Gaurko saioan bi izan dira elkarrizketa nagusiak. Batetik, Tolosa Ekinbide Etxeko Xabi Ormazabal lehendakari ordea izan da Komunitateko saioan, Topic-en uztailaren 7a arte egingo dituzten UNIMAko udako eskolen berri emateko. Urteko balantzea, eta udako zein datorren ikasturteko asmoen eta proiektuen berri ere eman du Ormazabalek. Bestetik, Hodeiertz abesbatzako Amaia Garmendiak ikasturteko azken irteeraren berri eman dio Atariari; Avila eta Madrilera joango dira emanaldi bat eskaini eta ikastaro batean parte hartzera.
Komunitateko 6. saioa
2014/06/17
Seigarren saioan Komunitateari errepasoa egin eta gero Miren Artetxe bertsolaria elkarrizketatu dugu, izan ere, Mintzolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, elkarlanean, bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatuko duen ikerketa-kontratua antolatu dute bigarren urtez. Iaz Miren Artetxeri eman zioten 'Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotza. Ipar Euskal herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak' ikerketa proiektua garatzeko aukera, eta horretan ari da. Bestetik Jesusen Bihotza Zubimusu Ikastola Kooperatiba Elkartea izatera pasako dela eta Nerea Zumeaga zuzendari gerentea izan dugu Komunitatean.
.2..