Ikaztegietako Udalak lantalde bat sortuko du herriko argazki historikoak identifikatzeko, ordenatzeko eta haiekin zer egin erabakitzeko. Berriki Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan eman dio Alegiako Intxausti sendiak German eta Ricardo Intxausti argazkilarien ondarea: ia 100 urteko denbora tartean 200.000 argazkiz osatutako funtsa eta hainbat hamarkadatako materiala.
Alegian ez ezik, inguruko herrietan ere aritu ziren argazkiak ateratzen intxaustitarrak, eta tartean, «Ikaztegietako argazki mordo bat» identifikatu dituzte. Hain zuzen irudi horiek lantzeko sortuko du taldea Ikaztegietako Udalak, eta eskatu du interesa duten herritarrek udaletxera deitzeko.