Zabalik dago Ikaztegietako kiroldegia berritzeko proiektuak aurkezteko epea. Uztailaren 8a izango da proposamenak aurkezteko azken eguna, eta proiektua idazteko garaian ezinbesteko baldintza izango da herriko udalak aurretik landutako parte hartzeko prozesuko emaitzak errespetatzea.
Ikaztegietako Udalak iaz gauzatu zuen kiroldegia eraberritzeari buruzko parte-hartze prozesua eta, azaldu dutenez, lanketa horren emaitzak errespetatuz egingo dira kiroldegia berritzeko lanak, baldin eta kanpo finantzazioa lortzen du udalak: «Finantzazio hori bilatzeko helburuarekin eta eraberritzeari dagokion hurrengo pausoa emateko zabaldu da proiektuaren idazketaren lizitazioa».
Lizitazioan parte hartzeko esteka eskuragarri dago Ikaztegietako Udalaren web orrialdean.