Liga irabazi zuen bezalaxe, A Mailan Bidania-Goiatzek eraman zuen finala, Leaburu-Txaramako Uzturre 3-2 mendean hartuta. Neurketa oso estua izan zen, eta emozioak amaierara arte iraun zuen. Lehen zatian txapeldunak izan ziren nagusi, eta horri esker 3-0 joan ziren atseden hartzera.
Bigarrengoan, ordea, Leaburukoek ahaleginak egin zituzten, eta eurena izan zen baloia, nahiz eta bidaniar-goiaztarrak kontraerasora saiatu ziren min egiten. Baloiaren jabetza izan arren, azken txanpan lortu zuten 3-1ekoa eta beranduegi zela zirudien arren, jarraian egin zuten bigarrena eta emozioa jarri zuten. Berdintzeko astirik ez zuten izan, eta txapela Bidania-Goiatzek eraman zuen.
Hirugarren eta laugarren posturakoa lehian, Ikaztegietako Kutturru taldeak 10-6 hartu zuen mendean Elgeta. Atseden hartzera 3-1 joan ziren eta bigarren zatian etxekoek aldea handitu egin zuten. Hala ere, zorterik ez zuten izan, eta lesioak medio aldaketak egiteko aukerarik gabe geratu ziren etxekoak. Hori horrela, Elgetakoak saiatu ziren estutzen, baina atzean zulo handiak uzten zituzten. eta Ikaztegietakoak ez zuten aukera alferrik galdu, hirugarren postua eskuratzeko.
B Mailako finala, berriz, Itsasondoko Ijitok taldeak irabazi zuen 6-5 Ikaztegietako Kutturru B taldearen aurka. Neurketa honetan ere ez zen emozio faltarik izan. 1-0 eta 2-1 aurreratu ziren Itsasondokoak. baina hortik aurrera etxekoak izan ziren nagusi markagailuan. 3-3koaren ostean, Kutturruren bigarren taldea 3-5 aurreratu zen, eta neurketa bideratuta zutenean, atzean akats ugari egin zituzten, eta hori gutxi ez, eta faltekin ere bete egin ziren. Itsasondokoek 5-5 berdindu eta bazirudien penaltietara erabakiko zela auzia, baina azken segundoetan lortu zuen gola Ijitok taldeak, penalti bikoitz bati esker.
Honela geratu dira sailkapenak:
Liga:
1- Bidania-Goiatz
2- Uzturre (Leaburu-Txarama)
3- Kutturru A (Ikaztegieta)
4- Ijitok (Itsasondo)
5- Kutturru B (Ikaztegieta)
6- Arroa Behea
Kopa A:
1- Bidania-Goiatz
2- Uzturre (Leaburu-Txarama)
3- Kutturru A (Ikaztegieta)
4- Elgeta
KOPA B:
1- Ijitok (Itsasondo)
2- Kutturru B (Ikaztegieta)
3- Arroa Behea.
Jokin Agirretxe (Bidania-Goiatz) izan da Ligako goleatzailerik onena. A kopan , berriz, Julen Garmendia (Elgeta) eta B Kopan, Jon Aseginolaza (Ijitok).