Eragileen arteko jarduerak komunitatea indartzeko

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Bihar itxita egongo da Ikaztegietako Udalaren bulegoa, baina erabilgarri egongo da alkatetzaren telefonoa. Ostegunean udaletxearen azpian jarriko dute bigarren eskuko txokoa. Bestalde, zabalik dago Gabonetako Gantxillozko Zuhaitza proiektuan parte hartzeko aukera.

Ikaztegietan hainbat jarduera izango dituzte herriko eragileek antolatuta. Hain zuzen, ostegunean kalean jarriko dute bigarren eskuko txokoa; eta, horrez gain, Gabonetan hariz ehundutako zuhaitza osatzeko proiektua aurkeztu dute.

Aste honetako jarduerari helduta, bihar, ekainaren 3an, itxita egongo dira udaleko bulegoak, «salbuespenezko barne lanak» direla-eta. Dena dela, alkatetzako telefonoa (688 635 775) erabilgarri egongo dela aurreratu dute. Ekainaren 4an, berriz, 18:00etan, kalean jarriko dute bigarren eskuko txokoa. Produktuen bizitza luzatzea eta berrerabilpena sustatzea dira, besteak beste, ekimenaren helburuak, eta udaletxearen azpian jarriko dute txokoa. Ohiko jardunaz gain, musika eta jatekoa ere izango dituzte bertaratzen direnentzat.

Herritarrak ehuntzeko

Gabonetako Gantxillozko Zuhaitza proiektua, berriz, elkarlanean antolatu dute herriko eskolak eta jostunen taldeak. Eta zuhaitza egiteaz haragokoa da helburua: «Gurea komunitate txiki eta anitza izanik, elkarrekin proiektu bat aurrera ateratzeko gauza garela erakustea da helburua».

Hain zuzen, «herritar guztiak» animatu dituzte parte hartzera: «Haurrak zein adinekoak, genero guztietakoak eta ez dutenak, ideia ezberdinak dauzkagunak, jostun onak eta jostun ez direnak...».

Parte hartu nahi duenak —jakintza gorabehera— 10x10 zentimetroko zati bat egin beharko du, eta gero jostunak arduratuko dira guztiak lotzeaz. Diseinuari dagokionez, edozein kolore edo hari erabil daiteke, eta udaletxeko kristalean ere jarriko dituzte zenbait eredu jendeak erabil ahal izan ditzan. Dagoeneko har daiteke parte, eta irailaren 11 izango da zatia emateko azken eguna.

Norberak osatutako zatia izen-abizenak zehaztuta hiru lekutan entregatu daiteke —eskolan, udaletxean edo jostun taldeko kide bati—. Modu horretan, antolatzaileek ez dute jakingo nork egin duen zati bakoitza, baina jasoko dute parte nork hartu duen. Zalantzarik izanez gero edo zatiak emateko jo daiteke jostunen taldeko kideengana, horietako batzuk dira Jare Alberdi, Malen Artola, Alazne Acedo, Amaia Ramiro, Bonavie Rendon, Glori Castaños, Jady Abba, Josu Prado, Pili Lazkano eta Kakun Orbegozo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!