Zerbitzu berri bat eskaintzen hasi dira Ikaztegietan, eta ez nolanahikoa: neuromodulazioa egiteko kontsulta bat zabaldu dute. Maider Gonzalez (Ikaztegieta, 1976) psikologo eta neuromodulazioan aditua da arduraduna, eta Nesa teknologiaren bitartez praktikatzen du neuromodulazio ez inbaditzailea. Herriko kiroldegian du bulegoa, eta zabal azaldu ditu teknikaren xehetasunak eta nondik norakoak.
Zer da neuromodulazioa?
Orain dela hamarkada batzuk deskubritu zuten gu bioelektrizitatea garela. Teknologia garatu ahala ikerketak egin dituzte, eta hurrengo pausoa izan zen deskubritzea gure gorputzeko funtzio bakoitzak bere frekuentzia zuela: loak berea du; baita estresak eta antsietateak ere; eta berdin nekearekin, minarekin, kontzentrazioarekin, prozesu digestiboekin eta bestelakoekin... Eta zein den guztien puntu komuna? Nerbio sistema autonomoa; gure borondatetik kanpo gertatzen dena da, eta ez dugu kontzienteki kontrolatzen.
Neuromodulazioa egiteko, gaur egun zortea daukagu, ez inbaditzailea den beste teknologia bat daukagulako esku artean, zeinak gainera gorputzaren hizkuntza berdinean hitz egiten duen: bioelektrizitatea. Labur esateko, Nesa makinak pultsu elektrikoak bidaltzen ditu, eta programa ezberdinen bitartez oreka eta egokitzeko gaitasuna berreskuratzea ahalbidetzen du.
Nola irudikatu behar dugu saioa?
Nire lana da lehen kontsulta batean egoera baloratzea: aztertzea zein den sintomatologia eta pazientea entzutea. Horren arabera tratamendu bat zehazten dut, eta hurrengo saioan hasi egiten gara.
Martxan dagoela ez da ezer sentitzen. Eta bitartean nik esku hartze psikologiko bat egiten dut, baina ez da terapia; kasu hauetan gure helburua ez da terapia egitea, baizik eta laguntza psikologiko bat ematea.
Nola funtzionatzen du?
Makinak hainbat programa ditu landu nahi denaren arabera, eta horren barruan erabaki daiteke hertzen (Hz) frekuentzia, intentsitatea eta saioaren iraupena. Bada, horretara lotzeko erabiltzaileak eskularru eta galtzerdi moduko batzuk janzten ditu; eta horietako bakoitzak bost konektore ditu leku estrategikoetan kokatuta.
Gure nerbio sistema zuhaitz baten modukoa da: zainak, enborra eta adarrak ditu. Hainbat urtetako ikerketaren ondorioz ikusi dute nerbioen adarkadurek zenbait lotune dituztela; eta konektoreak horietan daude kokatuta.
Lehen aipatu bezala, frekuentzia propioak dituzte minak, loak, estresak, antsietateak, arretak, nekeak, kontzentrazioak... Hori guztia kontuan hartuta diseinatu zituzten bederatzi programa horiek; eta kasu bakoitzaren arabera nire lana izaten da pazientearentzako konbinazio egokia erabakitzea.
Eta zein onura ditu?
Orokorrean oso onuragarria izan daiteke. Adibidez, baliagarria da insomnioa eta min kronikoak lantzeko. Kirolaren arloan ere ikusi dute harreman estua duela baliabideak optimizatzearekin; eta lagungarria da giharretako minak, nekea eta halakoak azkarrago sendatzeko.
Gorputzak bere kabuz egin ditzake sendatzeko zenbait prozesu, jakina, baina honek azkartu egiten ditu. Eta zenbaitetan beharrezkoa da esku hartzea ere, gorputza ez baita bere kabuz egiteko gai.
«Ez du mirarik egiten; baina laguntzen du sintomatologia arintzen»
Esan beharra daukat, hala ere, gaitz kroniko batzuk sendatzeko ere ez duela balio. Ez du miraririk egiten; baina laguntzen du sintomatologia arintzen. Ez dago etengabe egin beharrik ere, behin lanketa handiena eginda, gogorarazpen saio modukoak egiten ditugu; gorputzak baduelako memoria. Hasierako maiztasuna txikitu eta hilabetean edo bi hilabetean behin egin ditzakegu saioak. Memoria horretan oinarrituta, egokitzapen azkar bat bezala da. Hori, betiere, kronikotasunari lotuta.
Zein kasurekin egin duzue lan?
Kontsultan izan ditugu hiperaktibitatea zuten umeak, gazteak, eta baita helduak ere. Haurrak ere neuromodulatu daitezke; eta berdin 80 urteko etxeko andreekin ere. Ez dago adin mugarik.
Izan ditugu gaitasun altukoak, espektro autistako jendea... Eta kasu guztietan ditu onurak, aldi bakoitzean lantzen delako arlo zehatz bat. Hiperaktibitatearekin, adibidez, arreta eta kontzentrazioa; bakoitzak frekuentzia propioak dituelako. Espektro autistan lan handia egiten dugu digestio arazoekin, idorreriarekin, lo zikloekin... Eta zaintzaile asko ere etortzen zaizkigu. Zaintzak askotan loa moldatzea eskatzen duelako: maizago esnatzea, adi lo egitea... Eta ondoren loa bere ohiko egiturara itzul daiteke edo ez.
Hor sartzen da lanketa. Beti esaten dut neuromodulazioa dela gure gorputzean sartzea, baina atzeko atetik, bera konturatu gabe; neuromodulazioak garunarekin bere hizkuntzan hitz egiten du.
Ba al du arriskurik?
Ez. Izatez, lehen kontsultan ordubete inguru egiten dut pazientearekin, azaltzeko badituela kontraindikazio normal batzuk: sukarra izanez gero ez da kontsultara etortzea komeni; haurdun egonez gero, ez da demostratu ezer txarrik eragiten duenik, baina badaezpada ez dugu arriskurik hartuko; eta garrantzitsuena, aparailu elektronikorik izanez gero, taupada markagailu bat adibidez, ezin da egin. Ez pertsona kaltetzen duelako, baizik eta aparailua kaltetu lezakeelako: berrabiarazi edo itzali... Kontrara, titaniozko plakaren bat, torlojuak edo antzekorik izanez gero, ez dago inolako arazorik.
Gainera, bateragarria da beste tratamendu batzuekin ere; botikekin-eta esan nahi dut. Izatez, baditu programak ebakuntza baten aurretik prestatzeko; eta, baita ondoren azkarrago sendatzeko ere. Ebakuntza batean lesio bat egoten da, eta, ondorioz, zelulak eta ehunak berregituratu egin behar dira orban horren inguruan; eta hori dena bioelektrikoa da.
Nola baloratzen duzue prozesua?
Neuromodulazioak arrakasta izateko, pazienteak bere aldetik ere jarri behar du. Dagoeneko gai naiz pazienteekin funtzionatuko duen edo ez aurreikusteko; eta orokorrean baikorra naizela esango nuke. Espektatibak kudeatzea ere bada beste arlo bat; eta hor nabarmentzen da psikologoaren egitekoa. Besteak beste azaltzen diet hiru fase izaten direla, nola joaten garen batetik bestera... Eta uneoro baloratzen dugu prozesua.
«Neuromodulazioak arrakasta izateko, pazienteak bere aldetik ere jarri behar du»
Zentzu horretan, uneren batean ikusten badut ez dugula nahikoa aurreratzen, beste espezialista batengana bideratzen ditut. Guk ezin badugu hobetu, beste norbaitengana jo beharko du agian. Ez zait askotan tokatzen, neuromodulazioak oso ondo funtzionatzen duelako, eta talde bezala osagarriak diren diziplinak biltzen ditugulako. Baina toka liteke ezin asetzea, eta bideratzea. Pertsona bere osotasunean aztertzen dugu, eta ongizatea da beti helburu nagusia.
Nondik datorkizu arloarekiko interesa?
Urte askotan aritu naiz lanean Gurutze Gorrian; eta bertako Osasun Planeko arduradun probintziala izan naiz. Tarte horretan lan egin dut boluntarioekin, langileekin, komunitateekin, bizilagunekin... Eta arlo ezberdinak hartu behar dira kontuan: alderdi soziala, kulturala, gizarte dinamikak... Informazio asko jasotzen genuen, baina sentitzen nuen falta zela jakitea gizakiok zein ekipamendurekin iristen garen. Eta ekipamendua da duela 150.000 urteko gizakiek zuten garun bera.
Jakin-min horretaz gain, egoera pertsonaletik ere izan zuen. Seme-alaba bikiak izan nituen, eta sekulakoa iruditzen zitzaidan haurdunaldi bera, erditze eta jaiotegun bera, heziketa berdina... Eta ikustea ezberdin ari zirela garatzen. Horrek sekulako lilura eragin zidan.
Eta nola izan zenuen teknologia honen berri?
Aldi berdin samarrean etorri zitzaidan lanez aldatzeko aukera, eta gaur egun Oreretako Beraun errehabilitazio zentro psiko-fisikoan egiten dut lan. Diziplinarteko talde bat gara: errehabilitazio medikua, nutrizionista, fisioterapeutak eta —ni— psikologoa. Enpresaren helburua betidanik izan da pertsonek ahalik eta bizi kalitate onena izatea, eta hori lortzeko etengabe egiten dute lan.
Bada, arduraduna urtero joaten da Madrilen egiten den fisioterapia eta errehabilitazio kongresu handi batera, eta hango stand batean zeuden Nesakoak. Arduraduna erakarri zuen mina lantzeko zabaltzen zituen aukera berriak, eta taldean proposatu zigunean, berehala konbentzitu ninduen. Lan egiteko eta pertsonen ongizatea hobetzeko sekulako aukera ematen zuen. Gainera, formakuntza eskaintzen zuten neuromodulazioan aditu izateko, eta Kanarietako Unibertsitatearekin egin nuen prestakuntza. Horrez gain, loaren inguruan beste espezialitate bat ere egin nuen Madrilen, eta campus digitalean askotan ematen dituzte hitzaldiak askotariko espezialistek: traumatologoek, fisioterapeutek, sexologoek...
Nolatan sortu da Ikaztegietan zerbitzua emateko aukera?
Inguruan interesa nabaritu nuen, eta Ikaztegietara ekartzea sekulakoa izan zitekeela iruditu zitzaidan. Proiektua aurkeztu nuen, gustatu zitzaien, eta martxan jarri dugu. Enpresan ere begi onez hartu dute, eta harrituta daude herri txikietan erraztasunak topatu dituztelako. Hasieran Oreretan egongo naiz astean hirutan, eta, hemen, pare bat egunez; erritmoa hartu arte behintzat. Kiroldegian egongo da kontsultarako gela, eta, horrez gain, etxez etxeko zerbitzua ere emango dugu.