Aste honetan jarri du martxan ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Hirugarren urtea du ekimenak, eta helburu du Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten zein ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egitea eta «batetik edo bestetik» etorri arren denak «bertakoak eta euskaldunak» direla nabarmentzea.
Urtero hainbat herritako kideekin osatzen dute kanpaina, eta aurten Ikaztegietan bizi den Bonavie Rendon filipinarrak hartu du parte. Iaz ere eskualdeko bi herritarrek hartu zuten parte ekimenean.
Egunerokoa langai
Kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa da, eta, izenak aditzera ematen duen bezala, kulturartekotasuna lantzea du helburu. Lehen aldiz Zaldibian jarri zuen martxan UEMAk, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteetan 29 herritara zabaldu dute. Kanpainan parte hartu dutenek euskara ama hizkuntza ez badute ere, ikasi dute dagoeneko edo ikasten ari dira, eta euskaraz aritu nahi dute herritarrekin.
Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edo «auskalo zergatik» erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Errealitate horren ordezkari dira kanpainan parte hartu duten kideak, eta UEMAk nabarmendu du euskara ukatzen zaien bakoitzean «zeharka» kanpokoak direla esaten zaiela: «Beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako».