MAN enpresako langileek diote enpresak ez dituela euren eskaerak aintzat hartu

Ataria 2025eko uztailaren 4a

Iturria: LAB sindikatua

Ikaztegietako lantegiko langileek bost greba egun egin dituzte eta gaur bueltatu dira euren lanpostuetara. Arazoa ez da konpondu, hala ere, eta salatu dute enpresak «entzungor» egin diela «grebarako deia egitera eraman gintuzten eskaerei».

Zuzendaritzarekin bildu ziren atzo, Ikaztegietako MAN enpresako langileak. Ondoren langileen batzarra egin zuten eta langile guztiak haserre agertu zirela esan dute. Batzar horretan honakoa erabaki zuten: greba bertan behera uztea eta gaur lanean hastea, eta enpresarekiko «jarrera ona» eta lankidetzarako prestutasuna alboratzea. Hori dela eta besteak beste, neurri hauek hartzea adostu zuten: dagokien orduan sartzea euren lanpostuetara, hau da, 08:00etan, eta lanpostua 15:15ean uztea, arropa aldatu eta garbitzeko denbora hartuz; bezeroa euren lan eremuan dagoenean lan egiteari uztea; eta enpresari beroari aurre egiteko protokoloa aktibatzeko eskatzea «legeak ezartzen dituen etenaldiak eta atsedenaldiak egin ahal izateko». Homologatu gabe dauden tresnekin zer egin baloratuko dute, era berean, eta behar izanez gero, Lan Ikuskaritzara joko dutela esan dute.

Uztailaren 15ean izango dute hurrengo bilera zuzendaritza batzordearekin eta proposamen zehatzago bat jasotzea eta«greba honetara eraman gaituzten arrazoiak baloratzea, hau da, soldaten igoera baloratzea» espero dute. «Enpresaren proposamena egokia ez bada, ez dugu zalantzarik izango eta irailean greba egun gehiago egingo ditugu», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!