ELKARRIZKETA

«Genero ikuspegian lan handia egiteko beharra ikusten dugu»

Leyre Carrasco 2024ko api. 4a, 07:59

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan izan berri da ikaztegietarra, Shifa elkartearekin; bertako osasun komunitarioan laguntzea eta bertako egoeraz sentsibilizatzea dira euren helburu nagusiak.

Txikitatik argi zuen Fatimetu Zenanek (Ikaztegieta, 1999) zein zen bere pasioa, eta Erizaintza graduko ikasketak burutu zituen Donostian kokatuta dagoen Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean. Bere ikaskideekin batera sortu zuen saharar errefuxiatuen kanpalekuetarako osasun kooperazio proiektua: Shifa elkartea. Aljeriako hegoaldean kokatu dauden Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetara osasun laguntza eskaintzea dute helburu, Osasun Ministerioarekin elkarlanean.

Errefuxiatu kanpalekuetan izan zara duela gutxi. Zertan aritu zara?

Urtarril bukaeran joan ginen eta otsail hasieran egin genuen buelta. Bi astez izan ginen, zehazki, Smarako kanpalekuetan osasun kooperazio proiektu bat gauzatzen. Shifa osasun elkartearekin joan ginen.

Nolatan sortu zenuten Shifa elkartea?

Erizain talde batek sortu genuen proiektua da. Shifa hitzak sendatu esan nahi du arabieraz, eta gurea osasun kooperazio proiektu eta elkarte bat izanik egokia iruditu zitzaigun. Saharar errefuxiatuen kanpalekuetako osasun komunitarioa hobetzea da gure helburua, genero ikuspegitik, beti ere bertako Osasun Ministerioarekin elkarlanean.

Nola egiten duzue lan?

Shifan helburu batzuk ditugu zehaztuta, eta lehena, lehen aipatu bezala, bertako osasun sistema komunitarioa hobetzea da, genero ikuspegitik. Gure beste helburu garrantzitsu bat ere bada lan asistentziala egitea. Alegia, erizainak garen aldetik, bertako ospitale eta osasun zentroetan pazienteak artatzea. Horrez gain, azken bidaia honetan osasun material asko eraman dugu, bakoitzak 25 kilo, eta asistentziaz gain, irakaskuntza ere egiten dugu. Izan ere, ez sinistu arren, errefuxiatu kanpalekuetan erizaintza eskola bat dago, non erizain ugari prestatzen dituzten. Shifa elkartetik etorkizuneko erizain horiei guztiei babesa eta laguntza eman nahi diegu, horregatik, irakasgai batzuetan laguntza eskaintzen diegu. Behin, Euskal Herrira itzulita, gure beste helburuetako bat sentsibilizatzea da; jendearengana iritsi nahi dugu, gure proiektua, eta sahararren errealitatea ezagutaraziz.

Zenbat kidek osatzen duzue elkartea?

16 pertsona inguruk osatzen dugu elkartea eta oso gogotsu gaude. Iazko maiatzaren 8an sortu genuen elkartea eta epe luzerako elkarte bat izatea nahi dugu. Gainera, une honetan 16 pertsona gaude baina jende asko oso interesatuta dago proiektuarekin, eta horrek pertsonalki asko pozten nau. Gizarte oso indibidualista batean bizi arren, jendeak elkartasuna duela ikusten da eta ahal duen horretan bere aletxoa jartzen duela.

Shifa elkartekoek lehen bidaia egin duzue Saharara. Zer moduz aritu zarete?

Oso gogorra izan da. Pozik gatoz egindako lanarekin, baina ez dugu ahaztu behar errefuxiatuen kanpaleku batera joan garela eta bertako errefuxiatuek ia 50 urte daramatela egoera horretan. Guztiak nazioarteko laguntzaren menpe daude, bai osasun arloan zein beste arlo guztietan ere. Errekurtso eta osasun material falta izugarria dago eta ez dago osasun profesionalik; gehienak erbestera joanak dira, etorkizun oparoago baten bila.

Bidaiak, beraz, zapore gazi-gozoa utzi dizue.

Bi astez joan gara eta etxera bueltatu ginenean errealitate kolpe bat hartu genuen, gure erosotasun eremura bueltatu garelako. Azken finean, ez gara ohartzen hemen ditugun baliabide eta abantaila guztiez. Esaterako, hemen zauri baten sendaketa egin behar badugu, bi gasa pakete erabiliko ditugu, non pakete bakoitzean hamar gasa datozen. Saharan, berriz, hamar gasekin hamar sendaketa egin behar genituen. Egoera latzak bizi izan ditugu, baina esan beharra daukagu bertako herritarrak eta Osasun Ministerioa jo eta ke ari direla lanean bertako osasun komunitarioa hobetu nahian, eta hemen ere horretan daude hainbat elkarte. Gu orain sortu berri den elkartea gara, baina beste elkarte batzuk ia 40 urte daramatzate saharar herriaren alde lanean. Hobetzeko grina eta lan egiteko gogoa dagoela ikusten da eta horrek asko motibatzen gaitu.

Zein da une honetan sahararren osasun egoera?

Munduan beste gatazka asko daude tamalez eta hemendik besarkada estu bat luzatu nahiko nieke Palestinako eta Ukrainako herriei. Azken batean, nazioarteko laguntza banatu egin behar da eta gutxiago iristen da herrialde bakoitzera. Gabezia handiak daude kanpalekuetan, baina herri bezala oso antolatuta daudela esan beharra dut eta emakume sahararrek paper oso garrantzitsua izan dute bertan. Gu Smarako ospitalean eta bertan dauden zazpi osasun zentroetan aritu gara lanean eta zentro bakoitzeko arduraduna emakumea izan da. Emakume hauek ezerezetik sare ugari sortu dituzte, beraz, beraiei esker aurrerapen dezente egon dira.

Aurrerapen horiei dagokienez, adibiderik bai?

Bai, aurrerapen horietako bat erroldekin eman da. Esaterako, duela gutxira arte gaixo asko ez zeuden erroldatuta eta deialdi bat egin behar bazen jakiteko ea zenbat paziente kronikok pairatzen duten diabetesa edo hipertentsioa, ez zegoen kopuru zehatza jakiterik. Emakume hauek kartillak bete dituzte eta guk hori ikusi dugu. Hori benetan oso pozgarria da.

Osasun Ministerioarekin batera ere aritzen zarete lanean. Zer egiten duzue?

Irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta gure helburu nagusia Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako osasun komunitarioa hobetzea da, genero ikuspegitik. Hara joaten garenean ez dugu ahaztu behar bertan Osasun Ministerioa dagoela, hor dago Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD) erregulatzen duen osasun sistema, Fronte Polisarioak erregulatua. Beraz, beraiekin elkarlanean aritzen gara; behar eguneratuenak helarazten dizkigute, falta den materiala edota formakuntzen inguruko beharrak ere helarazten dizkigute. Egia da aurten ez dugula formakuntza gehiegi landu, baina osasun arloari dagokionez, genero ikuspegian lan potolo bat egiteko beharra ikusten dugu. Esaterako, anemia kasu asko daude. Beraz, etorkizun batean osasun hezkuntza programak diseinatu nahiko genituzke, horiek bertan bideratu ahal izateko.

Zein da emakume sahararren egoera une honetan?

Indarra, bai atzo, bai gaur, baita bihar ere. Oso harro nago emakume sahararra izateagatik eta emakume sahararrak erreferente izateagatik. Ohore bat da jakitea eta ikustea ezer izatetik ia 50 urte daramatela beraien komunitatea birziklatzen, altxatzen eta mahai gainean jartzen. Niretzako ohore bat da jakitea Smarako gobernadorea emakume bat dela, parlamentuan hainbat emakume dauzkagula eta Fronte Polisarioko hainbat delegaziotan emakumeak lehen lerroan daudela. Ez bakarrik osasun edo hezkuntza arloan, baizik eta politikan eta sentsibilizazio puntu askotan emakumea lehen lerroan egotea ohore bat da eta horrek indarra ematen digu. Gainera, erreferente bat da etorkizuneko gazteentzat.

Geroz eta gehiago ari da indartzen, beraz, emakumearen papera. Kasu oso ezagun bat dugu tartean, Sultana Jaya saharar aktibistarena, hain zuzen.

Sultana Jaya entzun eta hunkitu egiten naiz, energia oso berezi batek harrapatzen nau. Sultana Mendebaldeko Saharako eremu okupatuan jaio eta bizi den aktibista da, emakume oso ausarta eta giza eskubideen defendatzaile amorratua, beti era baketsuan borrokatuz. Sultanak hainbat bortxaketa jasan ditu, bai fisikoak, mentalak, ekonomikoak eta arlo guztietan bortxatua izan den emakumea da, sahararra izateagatik eta are gehiago emakume izateagatik. Bere etxeko teilatura goizero igotzen zen, gure herria gerran hasi zen egunetik gaur arte, eta saharar bandera astintzen zuen. Horren ondorioz, marokoar herritarrek bere etxea setiatu dute eta jipoitu eta bortxatu egin dute bere familiaren aurrean. Emakume honek jasan dituen gauza guztiak jasanda ere, aurrera egiten jarraitzen du, bere aktibismoa eta emakumearen eskubideak eta sahararron eskubideak lehen lerroan jarriz. Euskal Herrian izan zen, eta tamalez, bere testigantza ez da kasu isolatu bat izan, izan ere, hau sahararren egunerokotasuna da Mendebaldeko Saharan. Sahararra izate hutsagatik, gure melfagatik (emakume sahararron arropa tradizionala), gure hizkuntzagatik, gure bandera altxatzeagatik jasaten dugu errepresio hori, eta askatasunerako adierazpena mugatua dugu. Pena handia ematen dit ezkutuan dauden gertaera guzti horiek argitara ematen ez direnean, horregatik, Sultana eredua da gizarte saharar eta gizarte guztiarentzat.

Sultana eremu okupatuan bizi da, baina ez da berdina emakume sahararrek beste eremuetan bizi duten egoera, ezta?

Hori da. Testuingurua hurrengoa da: Sahararrok banatuta bizi gara; familia bereko kide batzuk Mendebaldeko Sahara okupatuan aurkitzen dira, Marokoko errepresiopean eta mota guztietako bortxaketak jasaten saharar izate hutsagatik. Beste hainbat saharar eremu liberatuan daude, baina egia da gerra hasi zenetik zonalde horiek ia biluzik daudela, hau da, jada ez dago jende asko ez delako eremu segurua. Hala ere, esan beharra dago gerra hasi baino lehen emakumearen paper oso garrantzitsu bat zonalde liberatuetan gune guzti horretan dauden pertsonen kontrako minak desaktibatzea eta kentzea izan zela. Zoritxarrez oraindik ez dute lortu eta oraindik hamaika pertsonen kontrako minak daude bertan. Zein momentutan esnatzen zara goiz batean eta esaten duzu pertsonen kontrako mina bat desaktibatu eta kentzera joango naiz nire familia eta nire herria babesteko? Emakume hauek antolatu, saretu, formakuntza bat jaso eta aurrera egin dute babes txaleko eta kasko batekin, metroz metro Israel eta Estatu Batuen laguntzarekin Marokok jarritako pertsonen kontrako mina hauek kentzeko. Azkenik, errefuxiatu kanpalekuak daude eta emakumearen papera bertan ere izugarrizkoa da. Nik beti esango dut errefuxiatuen kanpalekuetan dagoen guztia saharar emakumeari esker izan dela, berak hazi eta hezi gaituelako, berak altxa zituelako kanpalekuak 1975ean, bera izan zelako gizonezkoekin batera hartu zituenak armak Maroko eta Espainiako armadaren aurka borrokatzeko, baina beste asko kanpalekuetan geratu ziren haur guztiak hazten eta hezten. Kanpalekuak desertu izatetik, dagoen azpiegitura eta antolakuntza guztia eraiki zuten. Beraz, emakumeak hor paper oso garrantzitsua du eta ukaezina da. Horregatik, gure borrokan emakumea zutabe garrantzitsua da.

Urteen joanarekin, emakume sahararren egoera aldatu al da?

Teknologia oso azkar doa eta aurrerapen guzti hauei esker gure alde egiten dute. Garai batean kontatu ezin zen hori eta ikusi ezin zen hori, inork ez zigulako ematen aukera komunikabideetan sahararron egoera salatu eta erakusteko, gaur egun sare sozial eta hedabideei esker Mendebaldeko Saharako gatazka mahai gainean jartzea lortu dugu. Borroka ez da aldatu, emakumeak indartsu jarraitzen du  bere herrialdearen autodeterminazio eskubidearen alde modu baketsuan borrokatzen. Mirestekoa da nola transmititzen den belaunaldiz belaunaldi indar hori.

Nola ikusten duzu gazte sahararren etorkizuna?

Gazte saharar bezala itxaropentsu, ea noizbait gure herrialdea aske ikusteko aukera daukagun. Oso gogorra da zure aitona-amonak hiltzea beraien herrialdea berriz zapaldu gabe, oso gogorra da zure gurasoak adin batera iristen ari direla ikustea beraien herrialdera bueltatuko diren edo ez jakin gabe. Beraz, gazteok erreleboa jaso dugu eta erantzukizun oso garrantzitsu bat dugu, bakoitzak bere arloan eta ahal duen ekarpena eginez.

Nola bizi duzu feminismoa zure kulturatik?

Ni musulmana naiz eta libreki praktikatzen dut. Jende askok uste du erlijio hau jarraitzeagatik beste gauza asko ezin direla egin eta hori manipulazio globala da, ez da errealitatea. Azkenean, hori ere berdintasunaren aldeko borroka bat da eta oso garrantzitsua iruditzen zait borroka horretan jarraitzea. Emakumeak gauza asko lortu ditu, baina oraindik lan handia daukagu egiteko.

Zentzu horretan, arrazakeria edo klasismoa sumatzen duzu, feminismoaren baitan?

Feminismoaren baitan eta munduaren baitan. Feminismoa egi bat da tamalez, eta arrazismo aktiboa eta pasiboa dago. Esaterako, arrazismo aktiboa da pertsona batek ez duenean beldurrik arrazista dela erakusteko, eta arrazismo pasiboa, berriz, kontrakoa da eta hori arriskutsuagoa iruditzen zait. Adibidez, emakumearen borrokan ez gara konturatzen borroka hori mugatu egiten dugula bakarrik emakume txuri eta boteretsuengan. Eta, beste emakumeak? Ez al dira garrantzitsuak? Gutxiago dira? Demagun zein zaila den emakumeekin boterea lortzea, ba pentsa emakume musulman bati zenbat kostatzen zaion. Batzuetan benda batekin joaten garela iruditzen zait, baina benda hori begietatik kendu beharra dugula uste dut. Ingurura begiratu behar dugu, emakumea modu askotakoa baita, ez dugu dena globalizatu behar eta pentsatu behar denak berdinak garela. Hor irakurketa sakona falta dela uste dut.

Azken mezurik?

Gizartearengan sinisten dut, baita aurrerapenetan, errespetuan eta indar kolektiboan ere.

Erlazionatuak

Basamortuko itzalak

Leyre Carrasco mar 05 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!