Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (Ikaztegieta, 1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Txikitatik argi zuen zein zen bere pasioa eta Erizaintza graduko ikasketak burutu zituen Donostian kokatuta dagoen Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean. Bere ikaskideekin batera sortu zuen Shifa elkartea, saharar errefuxiatuen kanpamentuetarako osasun kooperazio proiektua, hain zuzen. Aljeriako hegoaldean kokatu dauden Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetara osasun laguntza eskaintzea dute helburu. Horretarako, Osasun Ministerioarekin batera dabiltza elkarlanean, «osasun komunitarioa genero-ikuspegitik hobetzeko asmoz».
Urtarrila bukaeran egin zuen elkarteak bere lehen bidaia saharar errefuxiatu kanpamentuetara. Zehazki, Smarako kanpamentuetan egon ziren, bi astez, eta Ikaztegietara iritsi berri da Zenan. Bertan egindako lanen inguruan aritu zaigu Irrintzi Morean, baita sahararren egungo osasun egoeraz ere.
Horrez gain, martxoaren 8ko indar kolektiboa ere dario, eta feminismoa mundu guztira iristeko modua aurkitu nahi duela adierazi du: «Oso harro nago emakume sahararra izateagatik eta emakume sahararrak erreferente izateagatik. Ohore bat da jakitea eta ikustea nola ezerezetik gaur arte 50 urte daramatzatela saharar komunitatea birziklatzen, altxatzen eta mahai gainean jartzen».