Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eta Badalaben ikerketa proiektuen deialdia irabazi du Euskal Herriko pottokaren jatorria eta ondarea ikertzeko proposamenak. Hiru adituk osatzen dute taldea, eta Miren Iraeta Orbegozo (Ikaztegieta, 1993) ikertzailea da horietako bat. Antzinako DNA eta biologia molekularra dira Iraetaren espezialitateak eta, une honetan, doktoretza egiten ari da Kopenhageko Unibertsitateko Globe Institut-en eta Irlandako Unibertsitate Nazionalean. Pottokei buruzko ikerketaren xehetasunez eta bere lanbidearen nondik norakoez aritu da.
Zer sentitu zenuen deialdia irabazi zenutela jakitean?
Sorpresa, ilusioa eta zoriontasuna; hori dena. Segituan Whatsapp bidez idatzi genion elkarri eta bilera bat antolatu genuen pixka bat hurrengo pausoak-eta zehazteko.
Nondik sortu zen pottokaren jatorria ikertzeko ideia?
Gaia guk aukeratu baino gehiago berak aukeratu gintuen gu. Izatez, pottokazaleen federazioaren aldetik dator, haiek izan dute jakin-mina pottokaren arrazaren jatorriaren eta ondarearen inguruan. Horrez gain, elkartu izan dira Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta zenbait urtetan zehar bilduma bat osatu dute Burdin Arotik Erdi Arorainoko zaldi hezurrekin.
Bada, pottokazaleen federazioko Aitor Iraeta nire lehengusua da, eta hark bazekien nik antzinako DNArekin lan egiten nuela, eta elkarlanean aritzeko proposamena egin zidan. Hortik aurrera gertatu zen hainbat faktore ondo lerrokatu zirela, eta beka honen deialdia ere momentu egokian iritsi zen. Hain justu, Sofia Marcos eta Oihane Mendizabal gehitu ziren taldera, haiek menperatzen dute jakintza arlo osagarria eta, behin taldea osatuta, hiruren artean jarri ginen proiektua diseinatzen eta ikerketaren helburu zehatzak idazten.
Ikerketaren bitartez zehazki zer argitu nahi duzue?
Hemen garrantzitsua da esatea hiruretako inork ez zuela jakintza berezirik pottoken inguruan; orain arte, behintzat. UEUko beka hau eskatzeko prozesuan joan gara ikasten, eta gaiarekiko interesa areagotzen. Guk arkeologiako eta genetikako diziplinak uztartzen ditugu, eta garrantzitsua da esatea, baita ere, hau dela lehenengo aldia antzinako DNA erabiliz pottokaren historia ikertzen dena. Hasieran galdera handi batzuk genituen pottokaren jatorriaren eta ondarearen inguruan, baina proiektuak egingarria izan behar du hemezortzi hilabetetan eta, beraz, galderak zehaztu behar izan ditugu.
«Hau da lehenengo aldia antzinako DNA erabiliz pottokaren historia ikertzen dena»
Zein izango dira lehen pausoak?
Pirinioetan eta Pirinioaurrean kokatutako bi aztarnategitako hamar-hamabost pottoken laginak sekuentziatuko ditugu, eta gaur egungo beste hamar bat pottoken laginekin konparatuko ditugu. UEUko proiektu honetarako erronkak dira, batetik, bi aztarnategietako DNAren kontserbazioa ezagutzea; bestetik, hautatutako laginak genetikoki zaldien espezieari dagozkiela baieztatzea -morfologikoki hala dirudi, baina genetikoki ere baieztatu nahi dugu-. Beste erronka bat da laginen sexua zehaztea; eta horiez gain, sekuentziatutako gaur egungo eta erromatarren garaiko pottoken genoma horiek datu baseetako beste genomekin konparatu nahi ditugu. Horrela aztertu nahi dugu iraganeko zein beste zaldik egin zuen ekarpena erromatar garaiko pottoka horien eboluzioan. Biologiaz eta eboluzioaz gain, emaitzak kokatu nahi ditugu testuinguru arkeologikoan eta geografikoan, aipatutako aztarnategi horien interpretazioan laguntzeko.
«Biologiaz eta eboluzioaz gain, emaitzak kokatu nahi ditugu arkeologikoki eta geografikoki»
Desagertzeko arriskuan dauden animaliak aipatzean nekez etorriko zaigu burura pottoka. Baina, hain zuzen, egoera horretan dago, ezta?
Pottoka desagertzeko arriskuan dago, batez ere, industrializazioaren ondoren gure gizartean funtzioa galdu duelako. Pottokazaleen federazioko Aitorri behin entzun nion animalia bat, normalean, ez dela desagertzen gure mundu honetan bere lekua topatzen badu; animalia etxekotu bat, behintzat. Bada, berak aipatzen zuen pottokak oraindik ez duela bere lekua topatu gizarte moderno honetan. Gure asmoa da jakin-min horretatik abiatzea, eta planteatu ditugun galdera batzuk erantzunez euskal gizartean pottokak duen garrantzia nabarmentzea.
Hainbat arloko ikerlariak elkartuko zarete. Posible al litzateke ikerketa hau diziplina horiek uztartu gabe?
Ikerketa ezberdinak egin daitezke. Hemen aipatu behar da azken 200 urteetan zaldiek -eta beste animalia batzuk ere bai, baina batez ere zaldiek- hautespen oso espezifikoak jasan dituztela, eta horren ondorioz dibertsitate genetikoa galtzen joan dela. Guk planteatu ditugun galdera horiek ezin dira erantzun gaur egungo pottoka modernoen DNA analizatuz; azken bi mende hauetan jasandako hautespena oso latza izan delako, eta asko aldatu delako espeziea bera. Horrez gain, arkeologikoki zaldien jatorria identifikatzea zaila da, oso zaila delako arraza basatiak eta etxekotuak morfologikoki bereiztea, eta hilkortasun profilak ere oso antzekoak direlako. Laburtuz, beharrezkoa da genetika, antzinako DNA eta arkeologia uztartzea, bestela ezinezkoa izango baita zenbait galdera erantzutea.
Nola irudikatu behar dugu zure diziplinako ikerlari baten egunerokoa? Mendian? Laborategi batean?
Azken urteetan laborategian pasa ditut ordu asko; gainera, soto baten azpian zegoen laborategi batean, hortxe irudikatu dezake jendeak [barrez]. Baina bada urte eta erdi edo laborategiko lana bukatu nuela -doktoretzarako behintzat- eta ordenagailu parean pasatzen ditut orduak. Nahiz eta teorian asko gustatu gaia, egunerokotasun hori pixka bat aspergarria ere izan daiteke. Azken aldian, ordenagailu parean pasatzen ditut orduan, beste edozein lanetan bezala.
Antzinako DNA eta biologia molekularra ez dira nolanahiko gaiak. Nondik datorkizu interesa?
Gogoan dut selektibitatea egiteko zerrenda horietan interesaren arabera aukeratu behar zirela graduak. Nik Biokimika eta biologia molekularra nituen lehenengo jarrita, baina zerrendako bigarrena Antropologia zen, gero Historia... Zientzien eta letren arteko zalantza handi hori nuen. Bada, gradua bukatzean jakin nuen gustuko nituen bi arlo -Genetika eta Arkeologia- batzen zituen arlo bat zegoela: Arkeogenetika. Artikuluak irakurtzen eta horien egileei idazten hasi nintzen praktikak egiteko aukera eske, eta horrela beka ezberdinak lortu nituen praktikak egiteko; azkenerako, zortzi bat urte daramatzat arlo honetan lanean.
«Biokimika eta biologia molekularra nituen lehenengo zerrendan, bigarrena Antropologia zen»
Gaur egun doktoretza egiten ari zara Kopenhageko Unibertsitateko Globe Institut-en eta Irlandako Unibertsitate Nazionalean. Ibilbidea kontatzerik bai?
Hasieran Biokimika eta biologia molekularreko gradua egin nuen Leioan, EHUn. Gure gradua batez ere zegoen bideratuta biomedikuntza eta farmakologia gaien inguruan, baina nik banekien hortik ez nuela jo nahi. Bada, arkeogenetikako gaia deskubritzean hiru hilabeteko Erasmus+ beka bat lortu nuen, eta praktikak egitera joan nintzen Kopenhageko historia naturaleko museora. Horren ondoren, argi nuen gehiago ikasi nahi nuela eta Eusko Jaurlaritzako Global Training beka bat eman zidaten beste sei hilabetez lanean aritzeko. Denbora horren ondoren, hangoak ere gustura zeuden nire lanarekin, eta teknikari kontratatu ninduten. Lanpostu horretan laborategian lanean ari nintzen bitartean, bi urtetan informatikako masterra egin nuen hango unibertsitatean. Gero, Islandian ere egon nintzen, sei hilabete, hango antzinako DNA erauzteko laborategi bat hornitzen, eta bertako beste proiektu batzuetan parte hartzen. Eta, gaur egun, Kopenhageko eta Irlandako unibertsitateen artean doktoretza egiten ari naiz.
Zer da lanbideaz gehien atsegin duzuna?
Duela gutxi arte ez nuen ulertzen jendeak zergatik sentitzen zuen zirrara hori zerbait berria deskubritzen zuenean. Niretzat irakurtze prozesua bera deskubrimendua zen, eta zirrara sortzen zidan. Ez nuen ulertzen ikerketak sortzen zuen estimulu hori. Baina, gaur egun, ja ari naizela nire datuak aztertzen, behin ere ikertu ez den hori begiratzen, galderak planteatzen... Oso erakargarria eta zirraragarria iruditzen zait.
Eta, kontrara, gutxien gustatzen zaizuna?
Uf... Bada, laborategian aritzen nintzenean, agian, laborategiko argia. Imajinatu, DNA dago gure inguru guztian, edozein tokitan: airean, mahaietan, janarian, gure eskuetan... Guk antzinako DNArekin lan egiteko laborategietan sortzen ditugu espazio batzuk, zeinari gela garbi edo deitzen diegun. Toki horietan antzinako DNAz gain, ezin du beste DNArik egon. Eta izaten da oso leku antiseptikoa edo artifiziala. Leku fisikoa bera oso arrotza egiten zitzaidan, eta oso zaila zen bertan egotea, deserosoa. Gaur egun, berriz, programatzen ere aritzen naiz batzuetan eta hor frustrazio asko sortzen dira... Horiek izango dira gutxien atsegin ditudanak.
Ez dira nobedade ikerlarien baldintzen aldeko protestak. Gaur egun zaila al da ikerketa ogibide izatea?
Bai, zaila da. Batez ere onartu behar ditugulako baldintza batzuk beste inongo lanetan onartuko ez genituzkeenak. Askotan esaten dugu gure lana pasioz egiten dugula, baina ez dakit... Badirudi pasioa bi ahoko labana dela, eta gustuko duzun zerbait egiteagatik ez zaizula lana aitortu behar edo ez zaizkizula baldintza onak jarri behar. Soldata baxua izateaz gain, aparteko orduak-eta ez ditugu kobratzen, hori jakina da... Eta horrez gain bada beste gauza bat ere, eta da mugikortasuna behar bat bezala ulertzen dela. Horrek asko baldintzatzen du gure bizitza, gure harremanak... Ezinbesteko mugitze horrek eragin du jende askok ikerketaren arloa uztea.