Ikaztegietako Herri Krosak lasterketa motza izango du aurten

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 16a, 11:57

Larunbatean egingo da Ikaztegietako XXXII. Herri Krosa, eta ohiko 10 kilometroko ibilbideaz gain 4,5 kilometrokoa izango du.

Berrikuntzekin dator aurtengo Ikaztegietako Herri Krosa. 32. aldia izango du aurten, eta herrian ondo errotuta dagoela adierazten du horrek. 10 kilometroko ohiko ibilbideaz gain, 4,5 kilometroko lasterketa motza prestatu dute. Uxer Mozo antolakuntzako kideak azaldu duenez, «jendeak esan izan digu 10 kilometro egitea gehiegi izaten dela, eta distantzia hori luzeegia iruditzen zaienentzat pentsatu dugu 4,5 kilometrokoa ere antolatzea».

Larunbat honetan egingo da herri krosa, eta 16:30ean emango zaie hasiera bi ibilbideei. «Ibilbidea ez dugu aldatuko», esan du Mozok. «Ohiko ibilbidea egiten dutenek hiru itzuli egingo dituzte, eta motza egiten dutenek bigarren itzulia hasi eta helmugatik pasatzean bukatuko dute». Korrikalariak dortsal kolore ezberdinengatik berezituko dira. Ohi bezala, herriko haurrentzako lasterketa ere prestatu dute, eta hori 16:15ean hasiko da.

Parte hartu nahi duenak aurretik izena emateko aukera izango du Herrikrosa.eus webgunean sartuta. egunean bertan ere izena eman ahalko da, baina antolakuntzatik eskertzen dute ahal dela izena aurretik ematea.

Sari banaketari dagokionez, bi lasterketetan lehenengo hiru emakumezkoek eta gizonezkoek jasoko dute saria, eta baita lehen emakumezko eta gizonezko herritarrek. Horrez gain, zozketa bereziak izango dira, babesleek emandako produktuekin. Bestalde, jatekoa eta edatekoa izango da proba bukatu eta gero.

Herrigintza elkarteak antolatzen du herri krosa, eta urtero bezala, egun hori aprobetxatuko du elkarteko bazkideen afaria egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!