Elkarrizketa

«Pilotari gaztetxoa zarela Ilusioa egiten dizu ingurukoen aurka jokatzeak»

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 4a, 11:58

Beñat Urretabizkaia eta Jon Jaunarena, 2004an, I. HItza Pilota Txapelketan.

Beñat Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1992) pilotari profesionala izan zen lau urtez, 2017tik 2021era. Gaztetxotan Hitza Pilota Txapelketan parte hartu zuen, Ataria Pilota Txapelketaren eta aurtengo Ataria Pilota Topaketaren aurrekaria izan zena.

Lehenengo Hitza Pilota Txapelketan, 2004an, argazki batean azaltzen zara, Jon Jaunarenarekin. Finala irabazi zenuten alebin mailan. Zer oroitzapen dituzu?

Gogoan dut pilotari pila bat aritu ginela jokatzen, eta maila bakoitzak herri batean jokatzen zuela. Gero finalak Beotibar pilotalekuan jokatu genituen. Tolosaldeko elkarte guztietako arduradunak aritzen ziren antolatzen. Nire lehenengoetako oroitzapenak dira pilotan jokatzen. Aurretik gogoan dut lehengoko Tolosako Batzokiko frontoian txapelketaren bat jokatu izana.

Jaunarena bera profesionala izan zen, eta zu ere bai.

Urte gutxitan gero profesional izandako asko elkartu ginen Hitza Pilota Txapelketan: Urruzola, Jaka, Artola, Erasun, Altuna... Eta baita debuta ez egin arren afizionatuetan maila handia erakutsi duten Telletxea, Labaka, Urbieta anaiak eta beste hainbeste. Afizio handia zegoen orduan pilotan jokatzeko. Egun guztian hori egiten genuen, pilotan aritu. Belaunaldi oso handia eta ona izan zen, eta oso oroitzapen onak ditut.

Hamabi urte zenituela, txapelketa garrantzitsua izango zen, ezta?

Guretzako bai, hemen inguruan jokatzen genuelako. Tarteka ateratzen ginen Nafarroa aldera jokatzera-eta, baina Hitza Txapelketa eskualdekoa zen, ilusio berezia egiten zuen, eta gainera Hitza egunkariak jarraipena egiten zuen, eta adin horrekin zure argazkiren bat ateratzen bazen ilusioa egiten zuen. Oso polita zen. Gainera Beotibarren finala jokatzea oso berezia zen, inoiz ez genuelako bertan jokatzen. Ikaztegietan aritzen ginen, eta asteburuetan Tolosara joanez gero, ezin izaten genuen Beotibarrera sartu eta pilotan aritu.

2011n, Aizpururekin finala jokatu zenuen nagusien mailan, baina ez zenuen irabazi. Artola eta Arratibel izan ziren garaileak.

Bai, gogoan dut. Aizpuru oso ondo aritzen zen pilotan, oso txukuna zen; gero utzi egin zuen. Artola gazteagoa zen, baina normalean maila bat gorago jokatzen zuen, oso ondo moldatzen zelako.

Zer garrantzia ematen diozu pilotan horrelako txapelketak eta topaketak egiteari?

Pilotari gaztetxoa zarela, lehen esan bezala, ilusioa egiten dizu inguruko pilotarien aurka jokatzeak. Urteak pasa ondoren, konturatzen naiz baloratzen dudana dela pilota eskolen alde zenbat pertsonak egiten duten lan ikustea, zentimorik kobratu gabe. Denen artean antolatutako egitasmo bat da, ia hiru hilabete irauten duena, eta antolatzaileen lanarengatik ez balitz, ez litzateke horrelakorik antolatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!