Abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunean hasiko dituzte festak Ikaztegietan, eta egun horretan aterako dira lehen aldiz kalejiran sortu berri dituzten bi erraldoiak, buruhandi eta musikariekin.
Nondik etorri da herrian konpartsa bat sortzeko ideia?
Azken urteetan ikusten nuen herrian genituen hiru buruhandiei ez zitzaiela merezitako erabilerarik ematen. Festetan ateratzen genituen, hamar minutuan bueltaka aritzen ziren eta berriro ere barrura sartzen genituen. Aurten erabaki nuen bizi pixka bat ematea. Buruhandiei begira jarri ginen eta ikusten da garai batekoak direla, pisu handia dutela, eta hori buruan jarri eta korrika aritzeko ez direla batere erosoak. Hiru buruhandietatik bi erraldoi bihurtu ditugu, eta momentuz, buruhandi bakarra egingo dugu.
Nor aritu da guztia prestatzen?
Guk egindakoa da guztia. Interneten begiratu behar izan dugu, beste erraldoi batzuk ere ikusi ditugu eta horrela osatu ditugu, gure kabuz.
Zein material erabili duzue?
Estruktura egurrarekin egin dugu, helburua ahalik eta pisurik gutxien izatea delako. Eta gorputzari forma emateko esponja moduko batzuk erabili ditugu.
Badute izenik Ikaztegietako erraldoiek?
Bata Ostiral Mehe, eta bestea Domenjon, Tolosakoak biak, lehena buruhandia dena eta bigarrena erraldoia. Buruhanditarako utzi duguna Kaldereroa.
Konpartsa osatzeko, musikariekin bildu zarete?
Lehen guztia plazan egiten zen, eta orain helburua da herrian zehar kalejira bat egitea. Horretarako, herriko musikarien laguntza izango dugu.
Dantzarako piezarik izango duzue?
Aurten ez, denboraz larri gabiltzalako, baina aurrera begira bada asmoa. Festetan, aurten, bi aldiz aterako gara, baina hemendik aurrera, urte guztian zehar herrian antolatzen diren gainerako ekintzetan ere parte hartzea eragin nahi da. Ordurako ea dantza bat prestatzen dugun.
Jendea animatu da parte hartzera?
Herritarrek ilusio handiarekin hartu dute konpartsa osatzearen ideia, eta animatuta dago jendea. Datorren urteari begira ea zerbait gehiago egiterik badugun. Asmoa da buruhandi berri batzuk egitea, herriarekin zerikusi handiagoa izango dutenak, ea bertako pertsonaiaren bat sortzeko modurik badugun.