Bengoetxea VI-Irazustabarrena bikoteak irabazi du

Ataria 2022ko mar. 12a, 16:01

25-24 irabazi dute gorriek; pilotalekua bete egin da, eta giro polita izan da pilotaren aitzakian herrian.

Pilota jaialdi bereziaz gozatzeko aukera izan dute gaurkoan ikaztegietarrek. Bengoetxea VI-Irazustabarrena  eta Zubeldia-Erasunen arteko partida izan da ikusgai eguerdian, eta aurretik herriko pilotari gazteen partida izan da.

Bengoetxearen partidak ikusmina sortu du, eta Galtzalde kiroldegiko pilotalekua bete egin dute pilota zaleek. Hain justu, azken emaitza leitzarraren aldekoa izan da, 25-24. 21na berdindu dute, eta 25era egin dute azkenean partida. Gorriak aurretik joan dira, batez ere, azken tantoetan, baina, urdinek markagailua berdintzea lortu dute, eta azkenean tanto bakarraren aldearekin gorrientzat izan da partida.

Aurretik herriko gaztetxoek jokatu duten partida Aner Ipentzak eta Irati Bengoetxeak osaturiko bikoteak irabazi du, Uhaitz Aranbarri eta Enetz Ipentzaren aurka 12-11 gailenduta.

Ikaztegietako Ostatuak eta udalak elkarlanean antolatutako ekimena izan da, baina, ez da mugatu pilota partidetara. Izan ere, partidak amaitu ondoren, Ostatu tabernan pintxoak izan dira, eta giro onarekin jarraitzeko, arratsalderako garagardo dastaketa prestatu dute, eta Legorretako Basabe artisau garagardo ezberdinak dastatzeko aukera ere izango da herrian. 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!