Ikaztegietako Herri Krosa kopuru biribilera iritsiko da aurten

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 17a, 14:55

Igandean Ikaztegietako XXX. Herri Krosa egingo da eta antolatzaileak harro daude kopuru horretara iristeagatik.

Ikaztegietako Herri Krosa festa moduko bat izaten da herrian. Aurten XXX. aldira iritsiko dira, eta Xabat Ibarguren antolakuntzako kideak azaldu duenez, «harro egoteko modukoa da horrelako kopuru batera iristea». Iazko etenaldia eta gero, garbi zuten berriro heldu nahi ziotela herri krosa antolatzeari. «Ez zaizkit burura etortzen 30. aldira iritsi diren lasterketa asko, eta are gehiago kontuan izanda herri txiki bat garela», esan du Ibargurenek.

Joxe Mari Garmendia herritarrak antolatu zituen lehen 25 krosak, eta hortik aurrera laguntza eskatu zuen antolatzen jarraitzeko. Gaur egun Herrigintza elkarteko 5-6 kide aritzen dira antolakuntzan, tartean Garmendia bera. Egunean bertan, hainbat herritar ariko dira laguntzen, bidegurutzeetan eta hamaiketakoa prestatzen, besteak beste.

Igandea izango da probaren eguna. 11:00etan hasiko da proba nagusia. 10:45ean herriko haurrentzat izango da proba. «Haurrentzat ez da lehiaketa moduan antolatzen den ekitaldia. Guztientzat izaten da saria», zehaztu du Ibargurenek. Herri krosak ohiko ibilbidea izango du: zirkuitu bati hiru itzuli emango zaizkio eta guztira 10 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. «Herrigunetik asko urruntzen ez den zirkuitua izaten da. Alegia aldera jaisten da, Legorreta aldera ere joaten da eta herri barrenera ere sartzen da. Zirkuitu nahiko polita da, eta herrigunetik askotan igarotzen dira korrikalariak. Beraz, parte hartzeko zein ikusteko oso proba polita da», esan du Ibargurenek.

Izen ematea Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke, hamar euro ordainduta. Aurten ez da aukerarik izango Ikaztegietan bertan izena emateko, bakarrik Internet bidez egin ahalko baita. Hori bai, proba hasi baino bi ordu lehenago arte eman ahalko da izena. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan lehen hiru korrikalariek izango dute saria, baita lehen beteranoak bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan, eta berdin lehen herritarrek ere. Horrez gain, hainbat opari zozkatuko dira parte hartzaile guztien artean, eta hamaiketako oparoa ere izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!