'Suak harrotuz' ibilbide antzeztua eskainiko dute Ikaztegietan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 16a, 17:56

Ikaztegietako Kultura Batzordeak San Joan bezperari lotuta, Suak harrotuz ibilbide antzeztuaren emanaldiak antolatu ditu herrian. Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du udaletxean.

San Joan bezperak berarekin dakar sua, eta iaz egiterik izan ez bazuten ere, aurten, Ikaztegietako Udalak San Joan bezpera egunean sua piztea erabaki du. 22:00etan piztuko dute sua, plazan. 

Baina egun bat lehenago, hilaren 22an, Zumardia elkartearen eskutik, Suak harrotuz ibilbide antzeztuaz gozatzeko aukera izango dute ikaztegietarrek. Solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana balorean jartzea du helburu ekimenak.  

Ordu erdiko iraupena du ikuskizunak, eta herriko gune ezberdinetan banatuta egingo dituztela saioak aurreratu dute, 20 pertsonako taldeetan banatuta. 18:00etan egingo da lehen saioa, eta 20:00ak bitarte luzatuko dute, beti ere, izen ematearen arabera. 

Izena emateko azken eguna ekainak 21, astelehena, izango da. Udaletxeko 943 65 33 29 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako.

Koronabirusa tarteko, osasun neurriak betetzea beharrezkoa izango dela azpimarratu dute bi egunetan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!