Udako solstizioaren inguruko ibilbide antzeztua, prest

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 3a, 19:57

'Suak harrotuz' izeneko ibilbide antzeztua prestatu du Zumardia elkarteak, eskualdeko herrietan eskaini ahal izateko; ekainaren 18an Larraulen izango dira.

Udako solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana balorean jartzeko proiektu bat prestatu du Zumardia elkarteak, Suak harrotuz izeneko ibilbide antzeztua, hain zuzen. Olentzaroren basoa proiektutik ideiak hartuta sortu dute, eta kasu honetan, neguko solstizioan kokatu beharrean udako solstizioak eman die oinarria. Horrela, prestatuta duten ibilbide antzeztua herriz herri egin nahiko lukete ekainean zehar.

Eskualdeko edozein herritan egiteko moduko ibilbidea dela zehaztu du Itziar Saenz de Ojer kontalariak. Berarekin batera, Nagore Etxedona eta Nagore Leon dantzari eta kontalariak eta Eli Trojaola kontalariak hartzen dute parte antzezpenean. Hiru gune izango dituen ibilbidea prestatu dute: herri barruko guneak izan daitezke edota basogune batekoak. "Tolosaldean dauden herri gehienak naturan bertan kokatuta daude, eta herri gehienek daukate bertan belaze, parke edo mendiren bat", esan du Saenz de Ojerrek.

Ibilbidea 20 laguneko taldeetan egitea aurreikusi dute, eta ordu erdiro talde bat hasiko litzateke ibilbidea egiten, gunez gune. Eli Trojaola kontalariak azaldu duenez, lan taldea lau orduz egongo litzateke herrian, eta horrela, gehienez 160 pertsonek izango lukete ibilbideaz gozatzeko aukera. "Guztira, talde bakoitzak ordubete edo ordu eta laurden pasatuko ditu ibilbidea osatzen, guneetan geldialdiak eginda, noski". Haur, gazte eta heldu, edonorentzat prestatutako emanaldia da.

Proiektua prestatzen ari diren kideek data batzuk finkatu dituzte libre noiz dauden zehazteko, baina aurreratu dute udal, elkarte edo eragileren batek data horiez aparte ikuskizun hori bere herrira eraman nahiko balu, adosteko prest daudela. Dagoeneko hitzordu bat lotuta dute: ekainaren 18an, arratsaldez, Larraulen izango dira ibilbide antzeztua egiten. Horrez gain honako egun hauek proposatu dituzte: ekainaren 12a arratsaldez, ekainaren 13a goiz eta arratsaldez, ekainaren 19a eta 20a goiz eta arratsaldez, eta ekainaren 21a eta 22a arratsaldez.

Hiru gune

Gune bakoitzak bere ezaugarriak izango ditu eta ikuskizun ezberdinak eskainiko dituzte hiruretan. Lehenengo gunean, sorgin itxurako emakume batek jasoko du taldea, eta eguzkiaren sorreraren inguruko kondaira kontatuko du: amalurrak eguzkia sortu zuenekoa, landareak, eguna, solstizioak…

Bigarren gunean, beste kontalari batekin egingo du topo taldeak eta honek, naturarekin lotura duten ohiturak azpimarratuko ditu, zehazki, sendabelarrekin zerikusia izango duen kontaketa bat egingo du. Eta azken gunean, dantza kontakizun bat eskainiko dute suaren inguruan. "Emakumeok historian zehar izan dugun indarra eta garrantzia irudikatuko da; sorgintzat hartutako emakumeek benetan garai batean betetzen zuten paperaren aldarria egingo da: emagin, sendalari, zaintzaile eta beste", azaldu dute.

Balorean jartzeko

Duela bi urte hasi zen Zumardia elkartea Olentzaroren basoa proiektuarekin lanean, eta zehazki, Suak harrotuz proiektuan parte hartzen duten lau emakumeak bertan aritu ziren elkarlanean. "Gure gizartean dauden festa nagusi batzuen jatorriko zentzua berreskuratzea izan da proiektuaren helburua", azaldu du Trojaolak. "Zentzu horren bila, naturan gertatzen diren aldaketa nagusietara iristen gara, ziklikoak diren horietara, eta polita iruditu zitzaigun sanjuanek daukaten xarma horrekin zerbait egitea", gehitu du.

Lau emakume izango dira ibilbidean protagonista. Saenz de Ojerren arabera, "Olentzaroren basoan hartu zuen emakumeen presentzia horrek indarra, ikusten genuen orain bizi garen gizartean, historikoki emakumezkoek eduki dituzten rolak eta hartu dituzten paperak ez daudela baloratuta eta paper horiek mahai gainean jarri nahi ditugu". Euskal Herriaren mitologian feminitateak indar handia duela ere gogorarazi du, eta sorgintzat hartu direnen rolekin, esaterako, sendabelarren ohiturak, errituak, zaintza, sendatzea, dantza, kantua.. lotura egin nahi izan dute.

"Garai batean zigortuak izan ziren ekintzekin lotura dugu: ibilbidean badago dantzari bat, bagaude sendabelarrak manipulatzen ditugunak, badaude kontalariak…". Momentu batean epaituak izan ziren emakume horien alde "justizia" egin nahi dutela esan du Trojaolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!