Osasun materiala, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko

Ataria 2020ko irailaren 12a

Saharako Gazte Aktiboak plataformako kideak osasun materiala biltzen aritu dira, goizean, Ikaztegietan. Biltzen duten guztia Saharara bidali nahi dute mugak irekitzean.

Goizean zehar, Ikaztegietan, osasun materiala bildu dute, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara eramateko. Pandemiarekin kanpamendu horietako egoera "zaila" bazen, "orain gehiago" dela esan du Fatimetu Zenan Saharako Gazte Aktiboak plataformako kideak. "Ahal den laguntza jasotzen ari gara, mugak irekitzen dituztenean bidali ahal izateko".

Erantzun "positiboa" jaso dute herritarrengandik, eta pozik agertu da Zenan. "Beharrak asko dira, baina, batez ere, Covid-19a prebenitzeko osasun materialean zentratu gara". Maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak eta parazetamol botika jaso dituzte. Irailaren 7an ere gauza bera egin zuten herriko plazan.

Osasun materiala biltzeaz gain, hainbat produktu jarri dituzte salgai. Saharar emakumeen jantzi tradizionalarekin, melhfa deiturikoarekin, mototsekoak, buruzko zintak, maskarak eta poltsak egiten ditu Zeugaz instagramaeko kontua daramanak. Lortutako diruarekin ere osasun materiala erosiko dutela azaldu du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!