KALE KANTOITIK

PP eta VOXen gezurrak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko eka. 16a, 08:00

Egia da koronabirusaren pandemiak denok harrapatu gintuela larrutsik, babesik gabe eta zer egin ez genekiela. Ez gu bakarrik, mundu guztiko osasun sistemak harrapatu zituen horrelaxe. Baina batzuek nahiko bizkor erreakzionatu zuten eta hobeto atera dira edota birusak ez die horren bortizki eraso eta kalte gutxiagorekin libratu dira. Badira hasieran nahiko txoropito jokatu zutenak (Boris Johnson) eta badira oraindik ere halaxe jarraitzen dutenak (Bolsonaro, Trump eta beste batzuk). Ia nazio guztietan elkartasun handia egon da birusari aurka egiterakoan, Espainian izan ezik.

Eskuina da birusak hain ondorio larriak uztearen errudun handiena, osasun sistema suntsitu zuelako azken urteetan, milaka sendagile eta erizain kale gorrian utziz eta ospitale publikoak esku pribatuetara lau sosen truke pasatuz. Ez hori bakarrik, Jorge Fernandez Diaz PPko ministro opusianoari harro aitortu zion Daniel de Alfonso Kataluniako Oficina Antifraudeko zuzendariak: “Les hemos destrozado el sistema sanitario...”. Eta hori aitortu ondoren inor ez zen epaitegietara eta espetxera joan. Pentsa zenbaterainoko errukia duten hauek gaixoekiko.

Eta horiek dira orain hainbeste heriotzaren erantzukizuna Simon doktoreari eta Sanchezen gobernuari egotzi nahi diotenak, gezurra eta froga faltsuak erabiliz. PP eta VOX yihad antzeko gerra santuan ari dira gobernu demokratikoaren aurka, adinekoak zahar-egoitzetan hiltzen utzi edota hil dituztela aurpegiratuz. Baina ikus ditzagun datu hotzak. Hildako gehienak PPren autonomia-erkidegoetan suertatu dira. Eta zahar-egoitzetan behar bezalako arretarik eskaini gabe hil direnak ere PPko erkidegoetan izan dira.

Hildako gehienak non izan diren, hurrenez hurren: 
- Madrileko Erkidegoan, PPren gobernuarekin: 8.691 hildako guztira / 6.000tik gora hildako zahar-egoitzetan. 
- Katalunian, 5.587 hildako guztira / 4.067 hildako zahar-egoitzetan (ulertzekoa “les hemos destrozado el sistema sanitario” haren ondoren). 

- Gaztela eta Leon, PPren gobernua: 2.587 hildako zahar-egoitzetan / 1.928 hildako zahar etxeetatik kanpo (datu hau horrela dator rtve.es/noticias web-ean); hildako gehiago zahar-egoitzetan bestela baino, PPren arduragabekeria agerian utziz.

- Gaztela-Mantxa, PSOEren gobernua: 2.945 hildako guztira / 2.471 hildako zahar-egoitzetan. (Hemen ere esan behar da Madrileko biztanle asko eta asko joan direla bi Gazteletara, bigarren egoitza zeukatelako bi erkidego horietan, kutsatuak eta hildakoak gehitzeko arriskuarekin).

Heriotza gehienak lau erkidego horietan izan dira, eta zahar-egoitzetan hil direnak, hildako guztien % 71,7 izango lirateke. Margarita Robles ministroak aitortu zuen Armadak adineko pertsonak aurkitu zituela hildakoekin bizitzen zahar-egoitzaren batean Madrilen.

Badakigu PPk kudeatzen dituen erkidegoetan aginduak iritsi zirela zahar-egoitzetara, adineko gaixoak ospitaleetara eraman ez zitzaten eta egoitzetan bertan artatu zitzaten edo ahal zuten bezala gaitza gaindi zezaten. Horrek ekarri du egoitza horietan hainbeste adineko hiltzea. Eta azken egun hauetan jakin dugu aseguru pribatua zutenak, hau da, dirua ordaindu zutenak, eraman zituztela ospitaleetara. Beraz, bereizketa nabarmena eta kriminala egin da dirua zutenen eta ez zutenen artean.

Eta gero Casadok, Egeak eta Diaz Ayusok esango digute inolako lotsarik gabe besteak direla hiltzaile eta zaharrak egoitzetan hiltzen utzi dituztela? Aurpegia behar da gero! Maltzurra, gaiztoa eta lotsagabea izan behar da horretaraino iristeko. Baina agindua emana daukate PPren buruzagitzan zahar-egoitzetan hil direnen ardura eta errua Pablo Iglesiasi bota diezaioten. Behin eta berriz esandako gezurra jendeak irentsiko duela espero dute. Pentsatu zenbateraino okertzen, bihurritzen eta manipulatzen duten egia, beraien helburuak lortzeko.

Hauekin ezta basoerdi bat hartzera ere, esango luke nire lagunak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!