Kale Kantoitik

Zozoak beleari, “ipurbeltz”

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko eka. 2a, 09:12

Cayetana Alvarez de Toledo izeneko oilar lepaluze eta lepatente baten antzeko izaki harroputz txolin horrek “terrorista baten seme dela” egotzi dio Pablo Iglesias ministroari. Markesa omen da pertsonaia ziztrin, koldar hori. Eta besteei terroristen seme deitzen ari da, maiatzaren 1eko manifestazio baterako paperekin atxilotu zuten gizonaren semeari.

Baina ez da konturatzen bere partidua kamino bazterretan erailda utzitako hainbeste jenderen hiltzaileek eta haien ondorengoek sortu zutela. Eta oraindik sutsuki defendatzen dutela jeneral kaxkar, miserable, faxista eta hiltzaile haren memoria eta ekintzak. Eta gixon kaxkar haren gorpuzkiak “Erorien haranetik” ateratzerakoan egundoko istiluak eta nahasmena sortu zutela, haren ekintzekin eta haren jokabidearekin bat egiten dutelako espirituz eta gogoz.

Garai bateko euskaldunek ere bazekiten zerbait jende ilunari eta gaiztoari buruz, hortik sortua izango baita esaera zaharra: “Zozoak beleari, ipurbeltz”. Alegia, pertsonaia beltz eta zikin batek, bere izaera estaltzeko besteari deitzen dio “ipurbeltz”, bere ipurdia ikatza baino beltzagoa eta zikinagoa daukala kontuan hartu gabe.

Eskuin muturra guztiz asaldatuta dabil, zaldi ero baten antzera. Ezin dute onartu boterea hain modu inozoan galdu izana. Ohituta zeuden izugarrikeriarik handienak eginda ere boterean egoten. Lapurreta lotsagarriak egin, justizia sistema ia osoa kutsatu eta zikindu, nepotismoa eta batzuetan mafiaren jokaerak erabili botere inguruan beren jendea kokatzeko eta ondasun publikoak beherapen izugarriekin esku pribatuetan jartzeko, soldatak eta lan-baldintzak lur jotzeraino jaitsi, langilearen duintasuna mespretxatuz... Hori dena eta askoz gehiago egin dute. Katalunia umiliatu eta egurtu dute Europako eskuina ere lotsatzeraino... Baina hauei berdin-berdin zaie dena. Armada, legioa, polizia, guardia zibila eta guardia munizipalen zati handi bat ere frankistaz beteta daukate, bere garaian garbiketa lanik ez zelako egin Alemanian edo Italian egin zuten bezalaxe. Justizia, Auzitegi Gorena, Kontuen Tribunala, Fiskaltza eta Estatuko goi-kargu eta buruzagiak opusianoz, eskuin muturreko jendez eta frankistaz beteta dauzkate. Gobernuak oso zail dauka esku libreekin lan egitea. Eta denek izugarrizko presioa egiten dute modu demokratikoan aukeratutako gobernu batek lan egin ahal izan dezan herriaren interesen alde.

Eta honen guztiaren atzean IBEX-35a dago, Frankoren garaitik dirua, bankuak, enpresak eta boterea maneiatzen duen jende aberatsa, pribilegio bereziak dituena, dirua paradisu fiskaletan gordetzen duena eta zergatan oso gutxi ordaintzen ohituta dagoena. Hauek ere beren abantailak murriztu daitezkeela usaindutakoan eta Europan bezalaxe hemen ere zergak ordaintzen hasi beharko dutela antzemandakoan, jarrera kolpistak hartzen dituzte eta horrelaxe gabiltza, zor guztiaren zama langileen bizkarretara bota nahian. Langabeziarekin mehatxu egiten dute eta soldata miserableak ordainduz jarraitu nahi dute.

Eta hau dena gutxi ez, eta koronabirusaren aurka borroka egitea egokitu zaio gobernu berriari. Gaixotasun ezezagun honek mundu osoko osasun sistemak, ospitaleak, industria eta azken batean, gizarte osoa, kolpatu ditu eta nazio guztiak hortxe ari dira pandemia honi aurre egin nahian. Eta guztion arazoa denez, gizarte osoak elkartuta aurre egin dio pandemiari. Baina hispanistanen ez! Hemen badirudi trabak, oztopoak eta ausartuko nintzateke esatera hildakoak ere jartzen aritu direla eskuin muturrekoak, Madrileko zahar-etxeetan hildako asko utzikeriaz eta pribatizatutako geriatriko horien zabarkeriaz eta zuhurkeriaz hil baitira. Eta hori dena gobernuari egotzi zaio, horren erantzule gobernua bailitzan. Nola edo hala askatu beharra daukagu eskuin muturraren atzaparretatik, hauek Frankoren estatu kolpearekin amets egiten baitute. Edo espabilatzen gara edo bestela gorriak ikusiko ditugu oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!