Gazteen eskolara joateko arrazoietako bat lagunekin egotea izaten da, gelan, jangelan etab... Oraingo egoera dela eta, lagunekin ezin dute egon eta honek tristura eta amorrua sortzen die. Bestalde, telelanak, ikasleen artean dauden desberdintasunak areagotu egin ditu. Ikasle batzuk, ordenagailuak eta internet konexioa ona dute baina egoera prekariogoa duten familiak atzean geratzeko arriskua dute.
Gainera, ikasketa zailtasunak dituzten gazteak albo batera geratzeko arrisku gehiago dute eta bide batez deskonektatzeko. Ikasle hauek plangintza zehatz bat behar dute, ebaluazio irizpideak zehaztuta eduki behar dituzte eta bidaltzen zaien lana aurrez egokituta egon behar du. Tamalez, kasu gehienetan ez da horrela gertatzen eta deskonexioa handiagoa da ez baitago irakasle bat presentzialki egoera bideratzeko.
Eskolako lanetan konektatuta egotearen harira, denborak ere ez du laguntzen, izan ere, gero eta deskonexio gehiago egon, hau da, eskolara denbora luzean ez joateak, eskolarik ez egotearen sentsazioa areagotzen du eta ikasleak eguneroko lanetik deskonektatzeko aukera gehiago dago. Hau ordea, ez dator bat errealitatearekin, kurtsoak beste era batera aurrera jarraitzen baitu.
Nahaspila honetan, gazteak helduak bezala, ezjakintasunera egokitu beharrean daude eta ezjakintasunak sortu ditzakeen antsietate eta kezkei aurre egiteko estrategiak landu beharrean daude.
Tamalez, hezkuntzaren erantzunari begira, gehiago zentratu dira edukiak aurrera ateratzen, irakasle, guraso eta ikasleen behar emozionaletan baino. Beste behin, agintariak hezkuntza komunitatetik deskonektatuta daudenaren sentsazioa daukat eta, ikasleak, guraso zein irakasleak estresatuta, lanez lepo eta galduta.
Gakoa ez dago ariketa gehiago egiten jakitean, baizik eta erantzun eta estrategia zehatzak emantean, irakasleei lehenik eta gero familia zein ikasleei. Orain, inoiz baino gehiago emozioei eman behar zaie hitza baina aipatu dudan bezala, agintariak emaitzetan zentratzen dira eta ez irakasle, ikasle eta gurasoen beharretan.