Kale Kantoitik

Badirudi gogorrena joan dela

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko mai. 12a, 15:00

Badirudi tunelaren bestaldean argia ikusten hasiak garela, baina ez San Pedroren bizarrak ikustera garamatzan tuneleko argia, pairatu dugun hilabete eta erdi beltzaren bukaerako argia baizik.

Oraindik ez dakigu zer etorriko den gero, baina arretaz eta arduraz jokatuz eta itxaropena mantenduz ea gai garen normalizaziorantz joateko eta eguneroko bizimodua martxan jartzeko, ekonomian eta osasunean kalte handiegirik eragin gabe. 


Niri egoera honek sorkuntza literario aldetik ez dit ezer asko eskaini, baina maila pertsonalean eta familiako harremanetan izugarrizko aberastasuna eman dit. Nire bi urteko biloba normalean Eibarren bizi baita eta harekin genuen harremana distantziako harremana zen, nahiz eta sarri joaten ginen berarekin egotera. Baina azken hilabete honetan gure etxean egon da bere aitarekin eta gurekin, bere amak Eibarko ospitalean lan egiten duelako eta nahiago izan dutelako alaba koronabirusaren sasoi gogorrenean Ikaztegietan babestuta egotea. Eta noski, bi urteko ume batek izugarrizko dinamika behar du, jarduera eta eskaintza ugaritasuna, abestiak, ipuinak, Pirritx eta Porrotxen abesti eta bideoak, irudimenez beteriko jokoak...

Zortez, nire etxea etxe isolatua da, inguruan belazeak dituena eta belaze horietan egon dira ardiak, arkumeak, horien jana jatera joaten ziren arratoiak, bi behor eta bi moxal, Oria ibaitik belazera igotzen ziren ahatak eta ahatekumeak, ardien tartera egun batzuetan etorri ziren gartzeta zuri-zuriak, ahatekumeak jan nahian arrimatzen ziren miru eta hegazti harrapariak, katuak ere bai eta katu ama bat bere zazpi katakumeekin. Baina laugarren egunean katakume horiek umezurtz geratu ziren, gauez ama auto batek harrapatu baitzuen. Hura tragedia! Bi urteko neskatilak ikusiak zituen katu-ama eta katakumeak eta ezin zuen inola ere jakin ama galdu zutela. Beasaingo Lau katu izeneko erakunde zaintzailearekin harremanetan jarri eta haiek hartu zituzten zazpi katakumeak eta oraindik bizirik daude. Dagoeneko 15-20 egun edukiko dituzte eta badirudi aurrera aterako direla. Umeari esan behar izan genion amak beste toki batera eraman zituela, toki horretan arratoiak ibiltzen zirelako.

Eta orain itxialdia arindu denean, etxetik hurbil dauzkagu hamabost bat ahuntz eta antxume polit-politak, oiloak eta oilarra ere bai. Horiei denei ogi puskak ematen dizkiegu eta ahuntzak eta oiloak korrika etortzen zaizkigu jan bila, neskatila ezagutzen baitute. Behorrei eta ardiei ere ematen genien ogia eta eskutik jaten ziguten. Beraz, fauna aldetik eta naturako zomorro eta piztien aldetik Eibarren baino zerbait gehiago ikasi duela uste dut. 

Eta gauetakoa da politena. Lehenbizi ilargia ageri egon denean, bai ilberrian eta bai ilbetean hor ikusi du ortzian ilargi amandrea eta batzuetan haren inguruan artizar argitsua (Venus). Eta lo egiteko, berriz, garai bateko abestiak abesten dizkiot. Bere gustukoena Gure katua Pitxitxi. Hauxe da Mixel Labeguérie-ren abesti nostalgiko horietako bat: 

Ez du uzten supazterra / badu lepoko superra / da gizen bezain ederra / iduri du kalonjerra. 
Gure katua Pitxitxi / da dena ile ta txitxi.
Jaun kalonjerra barkatu / zuri baitut konparatu / Pitxitxik ileak baditu / ez zaio kaskoa pelatu.   (Gure katua Pitxitxi...)
Eguna derama lotan / ase ondo ametsetan / iduri du bai egitan / kalonjer bat bezperetan.  (Gure katua Pitxitxi...).

Hau bezalaxe abestu dizkiot Haurtxo txikia sehaskan dago..., Gure astoa Balaam.., Gure eliz dorreko ezkila zaharrak, Haurtxo-haurtxoa izu egin lo..., Loa-loa ttunttulun berde..., Amets, amets egin...

Eta horrela loak hartzen duen arte. Bera lo gozo-gozo geratzen da eta ni poz-pozik, aitona-amona / biloba harreman polit hau egunero bizi dugulako birus madarikatu honi esker. Esan behar da amonarekin ere mila eta bat jolas egiten dituela egunean zehar. Baina badakigu Euskal Herriko amonek sen berezia izan dutela beti umeekin jolasak, ipuinak, esku-jokoak, dantzak eta mila asmakizun asmatzeko umeak aspertu gabe eta jardunean aritu daitezen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!