Amona Basati bakar-bakarrik bizi zen baso handiaren ondoan. Hain polita eta atsegina zen, bere ile zilar kolorearekin, bere aurpegi zimurtu gozoarekin, eta bere bi begi urdin kolorgetuekin, non herriko jendeak askotan esaten baitzion:
—Zatoz gure ingurura bizitzera! Hainbeste istorio dauzkazu kontatzeko, hainbeste gauza erakusteko!
Baina amona Basatik burua astindu eta erantzuten zuen:
—Beti bizi izan naizen etxe zaharrean geratuko naiz. Gainera ni ez nago bakarrik, animalien konpainia daukat.
Eta egia zen, amona Basatik lagun ugari zeuzkan: kattagorria, berak leiho ertzean jarritako hurrak karraskatzen zituena; urretxindorra, madariondo zaharrean abesten ziona; oreina, egunero bere etxe ondoko iturrian edatera etortzen zitzaiona...
Goiz batean, etxetik irtetean, amona Basatik deiadar ahul batzuk eta kexu xume batzuk entzun zituen.
—Zauritutako piztiren bat izango da —esan zuen berekiko.
Bazter guztietara begiratu eta bat-batean, zuhaitz baten oinean, zerbait iluna ikusi zuen mugitzen.
Amona hara hurbildu zen. Azeri gazte bat zen, hanka puskatua zintzilik zeramana. Emakumea harengana makurtzean, azeria beldurtu egin zen eta alde egin nahi izan zuen, baina bere hanka hautsiak ez zion uzten ihes egiten. Amonak goxo-goxo esan zion:
—Azeritxo gizajoa, nola konponduko haiz horrela?
Amona ur epel eta zapi zuri baten bila joan zen agudo eta ukendu pixka bat ere ekarri zuen. Odolez eta lurrez zikindutako hanka puskatua trebetasun handiz garbitu eta zaurian ukendua eman eta zapi zuriaz estali zion. Gero azeritxoa zuhaitz baten ondoan ipini zuen, belar onduz betetako otarre batean. Egunero jana eta ur freskoa eramaten zion, eta hark gogotik jaten eta edaten zuen. Eta hanka zauritua ere zaintzen zion.
Aste batzuk geroago azeria sendatu eta joan egin zen eta ez zen gehiago itzuli. Amonak noizean behin basoan ikusten zuen, baina deitzen zionean, alde egiten zuen pizti guztiek bezala. Eta amona triste geratzen zen.
Geroago negua etorri zen. Goiz batean elurra hasi zuen. Eguna joan eta eguna etorri, elurra egin zuen etengabe. Azkenean, atertu zuenean, amonak atea eta leihoak ireki nahi izan zituen. Baina dena elurrak estalita zegoen. Ezin zen etxetik atera ere egin. Bultza eta bultza aritu arren, atea ez zen mugitzen. Egun batzuetan jan zituen etxean gordeta zeuzkan janariak.
Bitartean, herriko jendeak esaten zuen:
—Zer gertatu ote zaio amona Basatiri? Seguru asko, ez du jateko ezer edukiko eta goseak hilko da.
Herritarrek trineoa eta palak hartu eta egunero bidearen zati bat urratzen zuten, elurra baztertuz. Baina lan nekosoa eta makala zen amonaren etxeraino iristea.
Goiz batean, amona triste zegoenean, jan apurrik ere ez zeukalako, aiuma bat entzun zuen teilatuan. Gora begiratu eta itzal bat ikusi zuen etxeko tximiniaren gainetik burua luzatzen. Azeri gaztea zen! Bere muturrean azenarioa zeukan eta tximiniatik behera bota zuen. Ondoren erremolatxa gorri bat eta azaburu handi bat ekarri zituen. Etxe atzeko estalpe batean gordeta zeukan bilatu ahal izan zuen guztia.
—Eskerrik asko, azeritxo, eskerrik asko — oihu egin zion amonak—, zuk ez nauzu ahaztu.
Eta herriko jendea, egunetako lan neketsuaren ondoren, etxeraino iritsi zenean, zoriontsu eta pozez gainezka agertu zen, amona bizirik zegoelako.
Azeriak salbatu zuen!