Kale Kantoitik

Durangoko Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko abe. 10a, 11:00

Beste behin ere pasatu da Durangoko Azoka, jende uholdeekin, milaka ume, gazte, heldu eta zahar jendearen joan-etorriekin. Herri ibiltaria da Euskal Herria, arnas luzeko jendea euskalduna, prozesio, ibilaldi, kilometro eta antzeko ekitaldien zalea.

Ekimen ugari sortzen dira herri izaeraren biziraupena ziurtatzeko ahaleginetan: garai batean, gau eskolak, ikastolak, euskal abeslarien jaialdiak, antzerkiak...; gaur egun Euskaraldiak, Herri Urrats, Euskal Herria Zuzenean, Bertso Txapelketak, Hatortxu Rock eta beste hainbat eta hainbat.

Gure herria, azken mende luzeetan behintzat, herri zapaldua izan da, bere hizkuntza, izaera eta kultura gutxietsia, beheraldi galantak ere pairatu ditu, baina beti Fenix hegaztiaren antzera bere errautsetatik berpiztu eta goraka atera da. Baina zenbat ahalegin, ibilaldi, izerdi... horretarako. Durango ere herriaren ekimenetik sortutako ahalegin indartsu eta burutsu horietako bat da. Frankismo garaian, euskal kultura, musika, hizkuntza, literatura... behea jotzeko arriskuan zegoenean, sortu zen euskal musika eta literatura babestera eta indartzera zetorren ekitaldi berezi hau. Mila bederatziehun eta hirurogeita bostean (1965) sortu zen Durangoko Azoka Santa Maria elizaren kanpoko aterpean. Bereziki euskal liburuak, diskoak edo kaseteak ezagutzera eman nahi ziren, horien bitartez gure sortzaileen lanak heda zitezen Euskal Herrian zehar. Frankismoaren urte gogorrak ziren, baina ordurako, ikastolak, kooperatibak, gau eskolen lehenengo ahaleginak, abeslari solte batzuk, bertsolariak, hainbat euskal aldizkari... euskararen aldeko kezka eta ekimenak poliki-poliki sortzen eta zabaltzen ari ziren.

Bi hizkuntza eta kultura handi eta indartsuren aurka borroka egin behar du euskarak egunero, irentsia ez izateko: gaztelania eta frantsesa. Baina teknologia eta unibertsitate munduan ere badu beste etsai handi bat: ingelesa. Informatika osoa, Internet, aldizkari zientifiko ospetsuetako artikuluak eta ikerketak, tesiak... ingelesez egiten ez badituzu, arriskua daukazu bazterrean gelditzeko eta zure lana ezagutua ez izateko. Horregatik euskaldunok estrategia berriak asmatzen aritu behar dugu aldiro unean uneko zailtasunei aurre egiteko eta gure euskara zahar maitea bizirik mantentzeko.

Eta Durangok, neurri batean, zailtasun handi horiei aurre egiten die gure kultura, musika, literatura, jakintza, filosofia, pentsamendua... jendartean zabaltzeko eta euskal arimari eta arnasari iraupena emateko. Baina hau dena baino askoz gehiago ere bada Durango. Durango da aspaldiko lagunak agurtzeko eta besarkatzeko toki bat; luzaroan ikusi ez dituzun euskaltzale eta lagun jatorrekin aurrez aurre hitz egiteko eta haien esperientziak ezagutzeko biltoki bat; euskal arnasa eta espiritua barru-barruraino arnasteko santutegi bat; herri bat garela eta herri horrek bizirik dirauela jabetzeko energiaz beteriko gune bat; musika, hitzaldi eta ekitaldi ugariz blai gelditzeko espazio sakratu bat; eta askoz gehiago da Durango. Hitzez adieraztea zaila da, baina Durangok magia berezia dauka: han konturatzen zara jende asko eta mota guztietakoa dagoela euskaldun sentitzen dena, euskaldun izaten jarraitu nahi duena, gure kulturaren alde esparru oso desberdinetan lanean ari dena, irribarre egiten dizuna zure uhin berdinetan dabilelako buru-belarri ahaleginetan, baina alai eta pozik. Itxaropena transmititzen du Durangoko Azokak, baina horrekin batera, ausardia, kemena, bizirauten jarraitzeko energia positiboa, alaitasuna, elkartasuna, anaitasuna...

Durangon jasotako aire freskoarekin jarrai dezagun itxaropentsu eta tinko herrigintza zail honetan. Gure itxaropena, ilusioa eta alaitasuna zabal dezagun kanpotik etorri direnengana ere, beren kultura galdu gabe gurea ere onar dezaten eta herri honen partaide egin daitezen bihotzez eta konbentzimenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!