Ikaztegietako EH Bilduk aurkeztu du bere zerrenda

Ataria 2019ko maiatzaren 8a

Pertsonen aldeko apustua egin du Ikaztegietako EH Bilduk. “Herritarrekin eta herrian bizitza egiten duten pertsonekin osatu dugu taldea”, azpimarratu dute. “Herrian bizitza egiteak, herritarren nahiak jasotzea, eta herriko beharrak behar bezala identifikatzea dakar”, diote.

Herri bizia izaten jarraitzeko kultur ekitaldiez gain, kirola eta aisialdia bultzatzen ahaleginduko direla hitz eman dute. “Adin tarte guztiak kontuan hartuko dituzten ekimenak bultzatuko dira, eta orain artean martxan daudenei jarraipena emango zaie”, azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek.

Gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketak Ikaztegietan ere isla izan dutela azaldu dute, “baina Ikaztegietako EH Bilduk jakin du egoera berrietara egokitzen”. Herritarren arteko harremanak sendotze horretan, “garbi daukagu euskara izango dela erabiliko dugun hizkuntza”.

Etorkizunean nolako herria nahi dugun galdera herritarrei luzatuko dietela nabarmendu dute: “Parte hartze prozesu batean oinarrituta, etorkizuneko etxebizitza eredu berriak aztertu, eta plan orokorraren hausnarketa egingo da”. Gune ezberdinen eraldaketa ere irudikatzen dute, besteak beste, haur parkean edota kiroldegiko zelaian; baina, “begirada jasangarritik” etorriko dela diote.

Bukatzeko, “herri parekideago bat izateko lanean jarraituko dugu”, adierazi dute EH Bilduko hautagaiek.

Zerrendako kideak:

  • Bakarne Otegi Jauregi
  • Adur Ibarguren Lazkano
  • Manex Saez de Egilaz Larrea
  • Beñat Diaz Yañez
  • Miren Mendizabal Makazaga
  • Igor Urreta Garaialde
  • Unai Iraola Arza
  • Idurre Arin Zubeldia
  • Andoni Matxain Goikoetxea
  • Alba Garmendia Castaños

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!