Gora bizimodu xumea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko api. 30a, 19:57

Mezu hau jasotzen duzunerako entzule, dena pasata egongo da. Julio Cesarrek esan zuen moduan "Alea jacta est" zortea botata egongo da, eta guk pairatuko ditugu ondorioak.

Nik hau prestatzean eta grabatzean ez dakit norantz joko duen zorteak. Baina berdin zait (esateko modu bat da...), hispanistango politikoetatik ezer gutxi espero baitut, ustelkeria eta engainua ez bada.
Munduak buelta asko ematen ditu eta egunen batean tortillak ere buelta eman dezake, katalanen edo euskaldunen aldera, edo pobreen eta langileen aldera, edota ihesi eta alderrai dabiltzanen aldera... baina hain zaila da hori. Bizi osoa daramat itxaropen horrekin eta horren alde lan egiten, baina nik behintzat ez dut uste ezagutuko dudanik. Hala ere horrek ez nau desanimatzen, denon eginkizuna baita mundu hobeago baten aldeko ahaleginak egitea. Zahar hark esaten zuen bezala: “Bihar bertan hilko naizela jakingo banu ere, gaur zuhaitz bat aldatuko nuke.” Hori da belaunaldi desberdinen arteko katearen kontzientzia garbi edukitzea. Zu katebegi bat zara eta katebegi horrek zubi-lanak egin behar ditu aurrekoen eta atzekoen artean. Tolosako espeleologo handi hark, Felix Ruiz de Arcautek, zioen bezala: “Katebegia ez da ezer, axola duena katea da.” Eta gutako bakoitza katebegi bat gara, baina katea sendoa eta segurua izan dadin, katebegi bakoitzak bere eginkizuna ondo bete behar du.
Denok zoriontsu bizi nahi badugu, garrantzitsua da norbanako guztiak zoriontsu bizitzea eta denok horretarako ahaleginak egitea. Eta pozez ikusi ditut bi mugimendu berri hauek: bata, Greta Thunberg Suediako 16 urteko neskatilarena, aldaketa klimatikoaren aurkako aktibista ausart eta bisonarioarena. Eta, bestea, Frantziako “jaka horiena”, beren eskubideak defendatzeko hainbat eta hainbat manifestaldi eta ekintza egiteko adorea eduki dutenena. Tristea da, baina hortzak erakutsi gabe ezin ezertxo ere lortu. Eta hispanistan ustel honetan hortzak erakustearena aspaldi ahaztu zen. Jendea hain tontotuta eta hain burumotel bihurtuta dago, zapaltzaileen alde txalo jo eta haien aurka egiten duenari harriak botatzen dizkiotela.
Horregatik diot, garrantzia izango zuten hauteskunde hauek, noski, baina garrantzi handiagoa du eguneroko lanak eta kontzientzia hartzeak eta kontzientzia hori zabaltzeak. Gure eguneroko bizitza xumea modu koherentean eta duinean eramaten ahalegintzen bagara zerbait lortuko dugu. Eta duin eta beharrezko ikusten dugun horren alde borroka egiten badugu, emaitzak etorriko dira. Baina lana eta borroka egin behar da, burua erabiliz.
Donostiako gertakariak garbi uzten digu nolako gizartea ez dugun eraiki behar: magrebi batzuek gazte bat ia hilik (hil ez bada geroztik) utzi dute tabako pakete bat eman nahi izan ez dietelako. Horrelako gehiegi gertatzen ari dira eta “mena” izeneko adintxikikoak inpunitate osoz ari dira jokatzen gure sudurren aurrean. Eta hau ez dago inola ere onartzerik. Legegileak lege egokiak egin beharko ditu, basapizti hauei galga jartzeko, modu zibilizatuan joka dezaten. Ezin dena onartu da hauek inpunitate osoz nahi dutena egitea eta kalean lasai jarraitzea beste guztien arrisku bihurtuz. Edota gizalegez jokatzen hasten dira, edota beren lurrera itzultzen dira “ipso facto”, ea han horrelako barrabaskeriak egiten uzten dieten. Neurritik pasatzen ari da jende askoren jokabidea, denon elkarbizitza zibilizatu eta baketsua arriskuan jarriz, eta politikoen eginkizuna da honi neurriak jartzea.
Eguneroko bizimodu xumea bakean eta elkarbizitzan oinarrituta eraikitzea lortuko bagenu, zoriontsuak gu! Baina oraindik urruti gaude hortik. Beraz, saia gaitezen eta eska diezaiegun gure agintariei bizimodu baketsua segurta dezatela legeen, bigilantziaren edo kontzientziaren bitartez. Bestela gureak egin du!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!