Anton Elosegi da Ikaztegietako EAJren alkategaia

Ataria 2019ko apirilaren 26a

Anton Elosegi da EAJren Ikaztegietako hautagaia. Elosegik 22 urte ditu, eta Gizarte Lanetan graduatua da Deustuko Unibertsitatean.

Hautagaitza hartzea “sekulako erronka” izan da berarentzat, eta “ilusioz eta arduraz” eutsiko diola desafioari adierazi du. “Berme guztiak” eskaintzen dituen taldea aurkezten da berarekin: "gaztetasuna, esperientzia, talentua, ilusioa eta konpromisoa" ezaugarri dituena. “Prest gaude Ikaztegietari behar duen bultzada emateko”, dio hautagaia jeltzaleak. Izan ere, bere ustetan, herriak urte gehiegi daramatza geldirik, eta "aldaketa behar du aurrera egin eta hain geurea den dinamismoa berreskuratzeko”.

Hautagai jeltzaleak arlo soziala eta ekonomikoa uztartzen dituela bere agendan azpimarratu dute EAJ alderditik eta, birziklapena eta “inposaketarik” gabeko hondakinen bilketarako eredu berri baten aldeko apustuak egin ditu. “Ikaztegieta sendoa nahi dugu, etorkizuna duena. Biharko herria denon artean eraiki nahi dugu”, esan du alkategaiak, kudeaketa "zintzo, zorrotz eta gardena" egiteko konpromisoari helduz.

“Egun dauzkagun zerbitzuak eta arreta mantendu eta indartu behar ditugu”, eta “Ikaztegietan inor atzean geratu ez dadin lan egin behar dugu”, esan du EAJko alkategaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!