Nola antolatzen ari zarete Euskaraldia herrian?
Batzordea martxan dugu eta jendearengana nola iritsiko garen erabaki dugu batik bat. Herriko eragile ezberdinak aukeratu ditugu: erretirodunak, gazteak, gazte lokala... Eta bakoitzarengana zein joango den erabaki dugu, Euskaraldiaren kontzeptua zabaltzeko. Ondoren izen ematea egiten hasiko gara, eta Belarriprestak eta Ahobiziak lotzen.
Nola sortu zen batzordea?
Galtzaundik eta Uemak martxo inguruan herrian egin zuten Euskaraz bizi a(ha)l gara? hitzaldiaren inguruan hasi zen dena. Lehenago ere Ikaztegietan euskararekiko kezka bazegoen, azkeneko urteetan espainola kasik ezer ez entzutetik asko entzutera pasa delako. Bilera hori izan zen kezka hori genuen jendearen bilgune moduko bat. Hogei pertsona inguru elkartu ginen, eta hori Ikaztegietarako asko da. Hor plazaratu zen Euskaraldiaren ideia eta hortik abiatu ginen.
Herrian dagoen kezka horri nola erantzungo zaio Euskaraldiarekin?
Euskaraldia izan daiteke kezka horri aurre egiteko alternatiba bat. Jendea lanerako prest ikustea pozgarria da. Gero, esperotako emaitzak lortuko diren ez dakigu, baina behintzat Euskaraldiak balioko du egunero euskaraz egiten dugunontzat autokritika egiteko, edo behintzat gure hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko. Eta hori iruditzen zait aurrerapauso handia dela. Gainera, herritarren artean gehiago ezagutzeko eta kanpotik etorri direnak herrian integratzeko ere balio dezake Euskaraldiak.