Aurtengoa 28.a da. Xabat Ibarguren antolatzaile taldeko kideak azaldu duenez, «kopuru nahiko handia da dagoeneko. Bere meritua badu hainbeste urtetan antolatzeak. Gu oraingo belaunaldikoak gara, eta aurretik beste batzuk egin dute lana, batez ere, Joxe Mari Garmendia herritarrak. Pixkana aurrera doan egun bat da, herritarroi asko gustatzen zaiguna eta bere garrantzia duena herriarentzat. Ahal den neurrian saiatuko gara beste hainbeste urtetan ohitura hau mantentzen».
Helduen krosa egin aurretik, haurrentzako lasterketa egingo dute; 16:15ean hasiko da. Ondoren, 16:30ean, hasiko da helduen krosa.
Hamar kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek, ibilbideari hiru itzuli eginez. «Urteroko zirkuitua da», esan du Ibargurenek. «Oso zaila da aldatzea, urtero buelta batzuk ematen dizkiogu, baina ez da herri handia eta ez ditu eskaintzen aukera asko. Beraz, ohiturari jarraituz, aurten ere ibilbidea berdina izango da». Ibilbide «polita» eta «pixka bat gogorra» dela dio, «gorabeheratsua» baita.
Hori bai, hiru itzuli direnez, lasterkariak herrigunetik sei aldiz pasatzen dira, eta ikusleentzat ere «polita» dela dio Ibargurenek, korrikalariak gehiagotan ikusten dituztelako. «Herri giroan egiten den proba bat da, herria ezagutzen ez duenak herria ezagutzeko aukera polita dauka, eta ikusleentzako entretenigarria da», gaineratu du. «Korrikalariei agian une batzuetan pisutsua egiten zaie leku beretik ibiltzea, baina jendearen animoak ere laguntzen dute lasterketa errazago eramaten». Antolatzen aritzen direnak ez direla oso objektiboak izango dio Ibargurenek, «baina guk oso kuttuna dugun ibilbidea da, eta iruditzen zaigu aldapa gora eta behera horiekin bere xarma duela».
Herri Krosean izena emateko bi aukera daude. Antolakuntzatik gomendatzen dute www.herrikrosa.eus webgunetik egitea: «Lehenengo 100 korrikalariek kamiseta ziurtatua izango dute». Beste aukera egunean bertan egitea da, kiroldegian 15:30etik 16:15ak arte jarriko den mahaian. Bai modu batera edo bestera, hamar euro ordaindu behar dira. Helburua antolatzaileentzat larunbatean ehun korrikalari inguru elkartzea da.
Lehenengo hiruek, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, sariak izango dituzte, baita lehen beterano emakumezkoak zein gizonezkoak, eta berdin herriko lehenengoek. Horrez gain, merienda dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta probaren bukaeran egingo den material zozketan parte hartzekoa ere. Bide batez, antolakuntzatik babesleei eskerrak eman dizkiete, eta baita Unai Zubeldiari ere, herri krosaren kartela egin duelako.
Herrigintza Egunarekin bat egingo du krosak, izan ere, Herrigintza elkartea baita antolatzailea. Ohi bezala, larunbatean bertan bazkideek afaria egingo dute elkartean. Gaur da azken eguna izena emateko, eta elkartean bertan egin behar da. Izen-abizenak zehaztearekin batera, ordainketa ere egin beharko da. 30 euroko prezioa du txartelak.