Ikaztegietako Sanlorentzo jaiak 2018

Heldu dira salontzo parekideenak

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 9a, 13:00

Goizean lehertu da festa Ikaztegietako plazan, bertan bota baitute San Lorentzo festak iragartzeko suziria. Aurten, Ina Agirre izan da pregoilaria; emakumeen irudia herrian nahiz herritik kanpora zabaltzeagatik omendu dute.

Herrikoiak bai, baina parekideak ere bai. Horrelako festak nahi dituztela azaldu dute ikaztegietarrek San Lorentzo egunaren bezperan, festei hasiera eman aurretik. Ina Agirre herritarrak bota du suziria lehertu aurreko mezua, eta ondoren, haurren gozamenerako, gozokiak bota dituzte. Gainera, gaurkoa etxeko txikien ospakizun eguna da Ikaztegietan.

Jarraian, herriko dantzarien txanda heldu da. Adin guztietako ikaztegietarrak bildu dira plazan, besteak beste, fandango eta arin-arina dantzatzeko. Giro ederra jarri dute, eta bertaratu direnek ere aski gozatzeaz gain, ongi eskertu dute dantzariek egindako esfortzua. Haurrak, baina, noiz bukatuko zain zeuden, bakoitza bere bizikletarekin, dantza saioa amaitu bezain laster, zinta-jolasaren txanda heldu baita. Zinta harrapatzeaz aparte, etxeko txikienek opari ederrak eskuratzeko aukera izan dute.

Goizeko egitaraua amaituta, haurrek elkarrekin bazkaldu ondoren, jolas gehiago egiteko aukera izango dute, puzgarrietan. Iluntzean berriz, patata tortila eta toka txapelketak ospatuko dira, eta afal ostean helduko da musika taldeen kontzertuak entzuteko ordua. Bihar, berriz, herriko patroiaren egun handia ospatuko dute Ikaztegietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!