Ikaztegietako Sanlorentzo jaiak 2018

«Herri txikietako festetan denok egon behar izaten dugu toki guztietan»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 6a, 13:51

Ikaztegietarrak jakitun dira festak antolatzea ez dela gauza samurra. Beraiek, ordea, tradizioari eusten diote, eta aurten ere hiru egunetarako egitaraua osatu dute, berrikuntzekin. Miren Mendizabal zinegotzia eta festa batzordeko kidea da.

Festa batzordeko kide izanik, gaztetatik darama Ikaztegietako San Lorentzo jaiak antolatzen Miren Mendizabalek (Ikaztegieta, 1984). Orain, berriz, udaletxeko zinegotzi izanik buru-belarri dabil, boluntario modura, jaietako kontuak lotzen. Aurten ere sanlorentzoetaz gozatu nahi du, nahiz eta egun handirako sartu dituzten nobedadeekin zaila izango zaion. Horien inguruan hitz egin dugu berarekin.

Festetako kontuetan lanean aritzeak, gozatzeko astirik ematen al du?

Bai. Azkenean, ardurak banatuta egoten dira, eta batzordeko kide bakoitzak bere eginbeharra izaten du. Horrela, errazagoa izaten da norberak tarte bat izatea jaiez gozatzeko. Egia da, ordea, beti izaten duzula kezka puntu bat, ea guztia ondo aterako den ala ez jakin nahi hori, eta ea eguraldiak ere lagunduko duenaren zalantza. Hortaz, gozatu gozatu, berez, ondoko herrietako festetan gozatzen dugu, baina Kuadrilla Eguna, esaterako, berezia izaten da hemen.

Kuadrilla Egunaz gain, beste bi egun hilaren 10aren inguruan.

Herriko patroiaren eguna nola egokitzen den ikusten dugu lehenik, eta horren arabera antolatzen gara. Aurten, zortea izan dugu asteburua gertu dugula, eta inguru horretan kokatzen saiatzen gara, lana dela eta, jende gehiago biltzeko asmoz. Horrela, aurten, ostegunean hasi eta larunbatean amaituko dira. Beharrezkoa zen hiru egunetara moldatzea; herri txikietan, denok egon behar dugu toki guztietan, eta azkenean, nekea ere nabaritzen da. Hiru egunak ondo antolatuz gero, nahikoa eta soberan.

San Lorentzo eguna, berrikuntza ugarirekin dator, eta aldaketaren batekin ere, ezta?

Hala da. Hasieran, artan zuriketa erakustaldia kokatu genuen goizerako. Ama-alabak dira, eta artoei aleak kentzen dizkieten bitartean, kantu zaharrak abesten dituzte. Ikusgarria izaten da. Artikulu batean irakurri nuen beraien inguruko informazioa, eta oso erakargarria iruditu zitzaidan. Ikaztegietan, ordea, ezingo dute aritu. Azken urteetan, herriko musikarien kontzertuari eskaintzen zitzaion tarte hori, baina aurten, musikari faltagatik, ezin izan dugu guztiz itxi. Hori zela eta, zerbait berria ekarri nahi genuen, baina arazo teknikoak medio, ez da gauzatuko. Alabaina, udazkenean, Erretirodunen Eguna ospatzearekin batera bisitatuko gaituzte.

Bestetik, bertso-pilota mistoa.

Beti ekarri izan ditugu pilotariak, jaialdi bat eskaintzeko asmoz. Duela hiru urte, aldiz, Berdinbidean proiektuan sartu zen Ikaztegieta, eta urte hauetan, gazteak parekidetasunarekin lotutako lanketa berezi bat egiten ari dira. Horren harira, aurten jai parekideak antolatu nahi izan ditugu, eta horrekin batera etorri da bertso-pilota ekitaldia. Gazte taldeko batek ekarri zuen ideia, eta oso aukera ona zela ikusirik, onartua izan zen. Pilota partida arrunta izango da, bertsolariek aholku eta gomendioak emango dizkietelarik.

'Festamentua' dantza emanaldia egingo da behintzat.

Hori bai. Tio Teronen semeak taldearen eskutik izango da. Pasa den urtean ekarri genituen lehen aldiz; zerbait berria izan zen, eta jendeak gustura ikusi zuen. Horrela, aurten ere, beraiekin harremanetan jarri eta ea zerbait berria prestatzen ari ziren galdetu genien. Beraiek baiezkoa eman zidaten, esku artean proiektu bat zutela, herri desberdinetako jaietan bistaratzekoa. Iazko arrakasta eta erantzuna ikusita, aurten ere etorriko dira. Gainera, inguruko herrietan iazko emanaldia eskaintzen dabiltza oraindik.

Gauean, herritarrak kantuan ikusi eta entzun ahal izango dira.

Hau ere berrikuntza bat da. Talde eraberritu bat da. Herritarrak biltzen hasi ziren, eta hilabetean behin betiko kantu herrikoiak entseatzeko geratu izan dira. Festetan, gauean ariko dira, afariaren ondoren. Duela urte dezente egiten zela esaten zuten, baina zenbait urtez geldirik egon den ekintza bat izan da, eta aurten berreskuratu egin nahi izan da. Talde polita osatzen dute, eta bertako edonork parte hartu dezake, irekia baita.

Ariko diren ordutegia, ordea, ez al da nahiko arraroa?

Egia da, horrelako ekintzak normalean bazkal ostean ohikoagoak direla. Hala ere, proposamena beraiengandik heldu zitzaigun, guk eguerdian egiteko planteatu genielako. Baina, beraien erabakia errespetatu dugu; gainera Ikaztegieta kantari izena duenez, herriari eskainitako jarduera da, eta herri afaria horretarako egokia ikusi genuen. Beraz, afal ostean kantuan ariko dira herritarren aurrean, eta nahi duenak ere parte hartu ahal izango du. Ondorioz, taldera jende gehiago animatzea, eta gerora ere, beraien izena egitarau gehiagotan ikustea dira helburu nagusiak.

Kuadrilla Eguna ere bizitzekoa izango da, ezta?

Noski! Berrikuntzarik gabe dator aurten, baina herritarrentzat, urteko egunik bereziena izaten da, izan haur, gazte edota heldu. Guztiek dute lekua egun horretan. Ikaztegietar ugari biltzen gara, baita kanpoan bizi direnak ere. Lagun gehien biltzen garen eguna izaten da, aitzakia ederra izaten baita. Gainera, aurten, larunbatean egokitu da, eta horretan, zortea izan dugu. Aurreko urteetan, astean zehar egin behar izan dugunean, hutsuneak egon direla ohartu gara, jendea lanera joaten delako. Iaz sekulako arrakasta izan zuen, gazte zein heldu asko bilduz, eta ea kopuru horietara iristen garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!