Beren sokako epaileak, poliziaburuak, fiskalak, morroi leialak jarri, diruarekin prentsa, telebista eta iritzi publikoa erosi eta armiarma-sare itxi eta euskorra osatzen dute, ia ezinezkoa dena hausten eta handik barrura sartzen. Eta gero, prentsa, mas-mediak eta telebistak beren alde dituztenez, jendea engainatu eta boto ugari lortzen dituzte. Baina horretarako oso garrantzitsua da jendea ezjakintasunean mantentzea eta jendearen kontzientziak arinkeriaz eta txepelkeriaz betetzea. Ez da komeni jendea kritikoa izatea, herriak gertaerak eta jokabideak aztertzeko eta horietaz gogoeta egiteko ahalmena eta ohitura edukitzea. Horrek esan nahiko luke herri xeheak bere pentsamendu propioa baduela, gobernuaren eta agintarien erabakiak aztertzen eta horien aurrean jarrera kritiko eta egokiak hartzen badakiela... Eta hala balitz, agintean dagoenak, gauzak bi aldiz pentsatuta egin beharko lituzke, jendearen ongizateari begiratu beharko lioke, bestela herritarrak altxatuko liratekeelako eta beren kontrako uholdeen antzeko mugimendu indartsuak sortuko lituzkeelako. Baina, hemen hori ederki kontrolatuta daukate: Espainiaren erdiak baino gehiagok ia ez du ezer irakurtzen, ikasketa elementalak ditu eta ez du iritzi kritiko propiorik sekula landu eta programa alienatzaile eta txepelen oso zaleak dira: hor ikusiko dituzu Belen Esteban, Bertin Osborne, Pakirrin, Salvame eta antzeko pertsonaia eta programa zaborrak ikusten eta irensten edo futbolean murgilduta, beste pentsamendurik gabe. Bitartean, PPren inguruko jendeak Ali Baba eta 40.000 lapurren taldea osatu du diru publikoa xahutzeko. Adituek diotenez, urtean 90 mila milioi euro inguru eramaten ditu ustelkeriak eta horiek denak lapurren eskuetara joaten dira, hauek “fondo buitre” deitutakoak izan, Barcenas izan, konstrukzioko konpainia handiak izan edo M punto Rajoy izan. Eta hor dauzkagu Gürtel, Punica, Lezo, Canal Isabel bigarrena, Erial izeneko operazioak, denak PPrekin lotutakoak edo Andaluziako EREen kasua, Partidu Sozialistarekin lotutakoa.
Eta honen guztiaren aurrean nire gogoeta hauxe da: zerk eramaten du jendea masiboki alderdi hauei botoa ematera? Nola eman diezaioket nire botoa lapurretan ari zaidan bati, nire lan-baldintzak kaxkartu eta okertu dituen bati, nire osasun zerbitzuak guztiz lur-jota jarri dituen bati, nire seme-alaben etorkizuna eta ongizatea arrisku gorrian jarri dituenari, denon dirua lotsagabeki lapurtu eta zor publikoa, urte askotan ordaindu ezin izango duguna, modu izugarrian handitu duenari... Jubilatu batek nola eman diezaioke botoa bere pentsioen kutxatik 60 mila milioi euro lapurtu eta hustuta utzi duenari. Badakizue laster paga extrak kentzeko ahalegina egingo dutela eta hemendik aurrera pentsio txikiagoak ordaindu beharko dituztela, lapur, ganberro eta gaizkile hauek gure diruak xahutu dituztelako arduragabe.
Gu denon eskuetan dago lapur hauek libre eta agintean jarraitzea edota etxera bidali eta ahal bada justiziaren eskuetan jartzea. Baina kontuz, Valentzia aldean, Extremaduran eta beste zenbait tokitan PPko militanteak hasi dira Ciudadanos, partidu bixkian, izena ematen. PPko militante guztiak, ardiak bezala markatuta jarri behar genituzke, egunen batean beste partiduren baten zerrendetan azaltzen badira, salatzeko eta zerrenda horietatik kenduak izan daitezen. Hauen asmo bakarra, Zaplanak esan zuen bezala hauxe da: “Yo he venido a la política para forrarme” eta benetan forratu zen, gutxienez 10 milioi eta erdi euro lapurtzea egozten baitiote. Hori kontabilizatu badiote, auskalo zenbat daukan oraindik gordea eta kontabilizatu gabea.
Entzule maitea, zure esku uzten dut botoa arduraz ematea eta lapurrak agintean ez jartzea. Denon eginkizuna baita denon etxea zaintzea eta gaizkileen eta lapurren eskuetan ez uztea.
Hala bedi!