Gazte sentitzeko, adinari begiratu beharrik ez

Mikel Iraola 2018ko api. 14a, 20:41

Gazte sentitzen direnen eguna ospatu dute, lehenengoz, Ikaztegietan, Gazte Taldeak antolatuta. Ia 100 herritar inguru bildu dira bazkaltzeko.

Ikaztegietan argi geratu da gazte sentitzeko adinak ez duela zerikusirik. Gazte sentitzen direnen eguna ospatu dute lehen aldiz, eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute.

Onintza Enbeitaren solasaldia izan da eguneko lehen hitzordua. Kattalin Miner ere bertaratzekoa zen, baina azkenean ezin izan du bertan egon. Plaza: konkistatu beharreko zera hori izenburupean, emakumeek politika munduan duten presentziaz aritu dira. Kongresuan izandako esperientziaz ere da: "Emakume izate hutsagatik gutxietsita sentitu naiz". Aurrera begira, "bidea egiteko" dagoela nabarmendu du Enbeitak.

Ondoren, frontenis txapelketako finala jokatu dute Galtzalde pilotalekuan. Bikote mistoak osatuz jokatu dute txapelketa, eta Xabi Luzuriaga ikaztegietarra eta Izaro Olano altzotarra, eta Uxue Larrea eta Eñaut Larrea ikaztegietarrak aritu dira finalean. Parekotasuna erabatekoa izan da. 29-29 izan dira, eta azken tantoa Larrea anai-arrebek egin dute.

Bazkaltzeko ia 100 herritar bildu dira plazan: haur, gazte eta heldu. Bazkalostean, bingoa izan dute, eta Imanol Mendizabal izan da bingo egin duen lehena. Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko ere argazkia atera dute.

Mahaitik altxa eta gero, karro-poteoa egin dute, berriro ere frontoira abiatu aurretik. Han hiru pilota partida ikusteko aukera izan dute. Haurrak izan dira jokatzen lehenak. Gero, afizionatu mailako neurketa jokatu dute Gorka Altunak eta Uxer Mozo herritarrak. Amaitzeko, Promozio mailako buruz buruko txapelketako neurketa izan da, Urretabizkaia eta Peñaren artean. Bertakoa izan da garaile. [Pilota partiden kronika, hemen].

Gauean, Zahagiardoa izango da plazan, eta egunari amaiera emateko, TPR, Estarlus eta Katez taldeek kontzertua eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!