Urretabizkaia, garaile herritarren aurrean

Mikel Iraola 2018ko apirilaren 14a

Urretabizkaiak nagusitasun osoz irabazi dio Peña tolosarrari (22-6), eta final laurdenetan Ugalde izango du aurkari.

Denbora luzez izan da txapelketetatik kanpo Urretabizkaia, eta sumatzen zen bera ikusteko gogoa herrian. Bada, ez du hutsik egin herritarren aurrean. Ikaztegietan, gainera, lehen Gazte Eguna ari ziren ospatzen, eta giro bikaina izan da pilotalekuan.

Urretabizkaia gehiago izan da, hasieratik. Sasoiko dagoela erakutsi du lehen tantotik, eta indarra baliatuz lehen koadroetatik urrun izan du Peña. Tolosarra ez da eroso sentitu, eta ezer gutxi egin ahal izan du.

Segituan zabaldu du tartea ikaztegietarrak, 5-1. Peña laura gerturatu zaion arren, pilota berreskuratu eta 9-5 jarri da aurretik Urretabizkaia. Hortik aurrera, bikain aritu da, 22-6kora arte.

Honenbestez, amaitu da txapelketa Peñarentzat; aurrera, berriz, Urretabizkaia. Ikaztegietarrak Ugalderen aurka jokatuko du final laurdenetako neurketa, hilaren 29an. Bihar, Erasun zizurkildarraren txanda izango da. Agirreren aurka jokatuko du Labriten, eta aurrera eginez gero, Etxeberria izango luke aurkari.

Promozio mailako buruz buruko txapelketako neurketaren aurretik, herriko pilota eskolako haurrak aritu dira frontoian. Ondoren, afizionatuen mailako partida jokatu dute, lau t'erdian, Uxer Mozo ikaztegietarrak eta Gorka Altuna (Altuna IV) alegiarrak. Altuna izan da nagusi, 9-18.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!