Ikus-entzunezkoak eta solasaldiak, ostiraletan

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 12a, 11:10

Berdinbidean egitasmoaren beste ekitaldi bat izango dute gaur: Pilota girls film labur baten ikustaldia eta gero solasaldia.

Ikaztegietako Kultura Batzordeak hainbat ostiraletan jarduerak antolatu ditu, gaurtik hasita. Udaletxeko areto nagusian egingo dira jarduerak, eta gaurkoan Berdinbidean programaren barruko ekitaldia izango da, herritar guztiei zabaldua. Pilota girls film laburra ikusteaz gain, Patri Espinar pilotaria eta Ainhoa Azurmendi EHUko irakasle eta kirol aholkularia izango dira ondorengo solasaldian. Miren Mendizabal zinegotziak azaldu duenez, «Berdinbidean egitasmoa herriko gazteekin ari gara garatzen, eta tarteka herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatzen ditugu»

Datorren asteko ostiralean, Demain izeneko dokumentala ikusteko aukera izango da. Cyril Dionek eta Melanie Laurentek eginiko lana da. Hainbat herrialdeetara joan ziren, tokiko proiektuen bidez arazo ekologiko, ekonomiko eta sozialei zer-nolako irtenbidea ematen ari zaien jasotzeko.

Otsaileko lehen ostiralean, Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Perez de Nanclares bidaiariek bizikletan egindako bidaiari buruz ariko dira. Ia urtebetez Hego Amerikan zehar egindako bidaiaren berri emango dute ikus-entzunezko baten laguntzaz.

EGITARAUA

URTARRILAK 12, OSTIRALA

19:00. Pilota girls film laburra eta munduko txapelketaren gainerako solasaldia izango da Emak-eko kideekin. Patri Espinar One Wall esku pilota munduko txapelduna eta Ainhoa Azurmendi EHUko irakasle eta kirol aholkulariarekin. Udaletxeko areto nagusian izango da.

URTARRILAK 19, OSTIRALA

19:00. Demain filma, udaletxeko areto nagusian.

OTSAILAK 2, OSTIRALA

19:00. Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Perez de Nanclares gasteiztarren Mundua bizikletaz Amerikan ikus-entzunezkoa. Udaletxeko areto nagusian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!