Debekatu egin dute euskal presoen aldeko elkarretaratzea Ikaztegietan

Ataria 2017ko abu. 10a, 11:45

Gaur arratsaldean egitekoak ziren euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzea herriko jaien egitarau ofizialaren barruan. Donostiako auzitegi batek debekatu egin du Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkaritzaren agindua onartuz. Ikaztegietako Udalak onartu egin du ebazpena eta bertan behera utzi du elkarretaratzea, Tolosaldeko Atariak jakin duenez. Herritar talde batek eskatu du protesta egiteko baimena –udalaren esku hartzerik gabe–, eta 20:30ean bilduko dira plazan.

Helegitea aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak, eta "premiaz" ekitaldia bertan behera uzteko eskatu zuen. 

Epaileak asteazkenean eman zuen ebazpena. Bertan, ez da "manifestazioa edo elkarretaratzea egitearen aurka agertu", ez baita administrazioarekiko auzi-prozesu horren "xedea". Ekitaldiaren izaera ofiziala aztertu du: "Bertan behera utzi dena da ekitaldiaren udal izaera"; festen egitarau ofizialean jaso izana, alegia, eta ez elkarretaratzea. Epailearen esanetan, presoen inguruko mobilizazioak "izaera ofizialetik banandu behar dira".

Erabakia behin betikoa da eta ezin da helegiterik jarri. Hala ere, hiru eguneko epea eman dio udalari azalpenak eman ditzan.

Erlazionatuak

Euripean ere festa

Ataria 2017 abu 10 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!