Ikasturte berriari ekiteko ordua

Ataria 2016ko azaroaren 9a

'Erakutsiz ikasi' 'Tolosaldeko Ataria'-k eskualdeko ikasleekin martxan duen egitasmo komunikatiboa bigarrenez abiatu da. Komunikabideak lehen bisita jaso du jada: Ikaztegieta.

Ikasturteaz ari gara oraingo honetan. Iraila hasiera urruti ikusten badugu ere, TOLOSALDEKO ATARIAk oraintxe heldu dio ikasturte berriari, eskualdeko ikasleak hartu eta tokiko komunikabidea bertatik bertara eta erraietatik erakusteari. Honela, Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleak izan ziren lehenak erredakzioa eta irrati estudioa 2016-2017 ikasturte honetan bisitatzen.

Lehenik, erredakzioaren antolakuntza, kazetarien jarduna, albisteen aukeraketa, albisteen osaketa, euskarri ezberdinen garrantzia, sare sozialen ohiartzuna eta beste hainbat kontu entzungai izan zituzten. Eta ondoren, alor praktikora egin zuten salto: irrati estudiora. Lotsa alde batera utzi eta eurentzat prestaturiko lehiaketan murgildu ziren adin ezberdineko 30 ikasleak. Lau taldetan banatu eta proba ezberdinei egin behar izan zieten aurre. Azkenik, talde bakarrak garaipena eskuratzeraino. Jolasaren bitartez ere komunikazioa oinarri, oraingoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!