Joan den azaroaren 26an, 83 urterekin, Martin Iturbe zendu zen, apaiza eta idazle ikaztegietarra.
1932an jaio zen Ikaztegietan, eta bertan bizi izan zen, apaiz ikasketak egiten hasi zen arten. Horrela, Alegian apaiztu zen eta, bertan hainbat urtez aritu ondoren, 1970. urtean Hondarribira joan zen; 1988tik 2011. urtera bitarte, gainera, bertako parroko lanetan aritu zen, erretiroa hartu zuen arte. Hondarribiako Udalak urrezko domina eskaini zion 2008. urtean, apaiz jardunean 50 urte bete zituelako.
Antzerkigintzan, narrazioan nahiz poesian hainbat obra idatzitakoa da. Besteak beste: Bizitzako urratsetan (Irun Hiria sariaren irabazlea, 1973); Asekaitz (Irun Hiria sariaren irabazlea, 1974); Itsasoko muga estuak (1983); Elorria (1986); Gizarte nekatua (1986); Eztigai zulatua (1987); Haizeak ekaitza sortuko du (1987); Bizitzako gazi-gezak (1987); Gorostiaren abesti orlegia (1987) ; Itsasoaren itxaropen gazia (1990); eta Zelai ezberdinetan amets-oihu berdinkatuak (1991). Bide beretik, bi aldiz irabazi zuen Iruñeko Xalbador ipuin lehiaketa.
Idatzizko fruitu oparoekin batera, ordea, bere ahozkotasuna ere nabarmentzekoa zen, eta bere sermoiak gustuko zituzten haren jarraitzaileek.
Hondarribian egin zioten hileta elizkizuna eta, igandean, bere jaioterrian, Ikaztegietan, haren omenezko elizkizuna egin zuten. Hainbat herritar bertaratu ziren Ikaztegietara, Iturberi azken agurra ematera.