Hogeita bost arrazoi korrika egiteko

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 12a, 11:20

Ina Agirre, Joxe Mari Garmendia eta Joxe Mari Uria, iganderako prest.

Ikaztegietako krosaren 25. urteurrena beteko da igandean; Joxe Mari Garmendia, Ina Agirre eta Joxe Mari Uria herritar korrikalariek lasterketari buruz hitz egin dute.

Erraz esaten da 25 urte, baina ekimen bat hainbat aldiz antolatzea ez da lan erraza. Ikaztegietako krosaren 25. urteurrena beteko da igandean, eta egun berezia izango da herriarentzat. Herrigintza elkartetik antolatzen da eta urtero elkarteak egiten duen bazkideen bazkariarekin du zerikusia krosak. «Bazkariarekin batera, pentsatu genuen herriari bizi pixka bat emateko krosa antolatzea. Poliki-poliki hasi ginen, eta egia esan oso azkar pasa dira urte hauek», azaldu du antolatzaile lanetan aritzen den Joxe Mari Garmendia herritarrak.

Hain justu, Garmendiak (54 urte) orain arteko 24 krosetan parte hartu du eta igandean ere asmoa du 25.ena egiteko. «Zortea izan dut, ez dut lesiorik izan-eta krosa tokatu denean», esan du. «Motibazioa ere handia da, herrian parte hartzea gauza polita delako. Garrantzitsuena gozatzea da, ez baduzu gozatzen ez dituzu 25 urte segidan egiten korrika».

Ina Agirre ikaztegietarrak (62 urte) 1996an egin zuen lehenengo aldiz krosa: «Lotsa ematen zidan, baina azkenean animatu egin nintzen. Azkenetarikoa ibiltzen naiz, baina hasi eta bukatu egiten dut behintzat. Beti gustatu izan zait kirola egitea. Orain ahal dudan guztietan parte hartuko dut. Adina ere nahiko altu samarra dut».

Joxe Mari Uriarentzat (46 urte) 18. aldia izango da krosean parte hartuko duena igandekoarekin: «Nik beti korrika egin izan dut. 1992an jarri nuen helburu bezala maratoia korritzea, Bartzelonan Olinpiar Jokoak zirela eta. Kros txikiak egiteko ohitura banuen, eta Ikaztegietara etorri nintzen bizitzera 1997an. Aurretik korrituta nuen, eta orduz geroztik, urte bat kenduta, urtero parte hartu dut».

Garmendiari hasierako urteak etorri zaizkio burura krosak zer suposatzen dion galdetuta: «Gogoan ditut hasierako urteak, antolaketa lanak egiten, sekulako ilusioarekin gauzak ondo ateratzeko eta herrian korrika egiteko». Agirrek, hasierako lotsa horiek alde batera utzi ondoren, korrika egiten jarraitu duela dio: «Izan dira urte batzuk atera ez naizela, lesioak edo gaixotasun bat dela medio, baina ahal dela eta ondo nagoela parte hartu dut. Nik herritarrak animatuko nituzke parte hartzera. Badaude asko sasoiko daudenak, eta krosa herrikoa da, eta herriko gauzak bultzatu egin behar dira». Bere aldetik, Uriak herriak korrika egitean duen berezitasuna nabarmendu du: «Herritarra izanik jendearengandik goxotasun hori jasotzea ere berezia da. Gainera, Herrigintzako kidea naiz eta krosarekin beti lotuta dago elkarteko bazkaria edo afaria, eta azkenean egun berezia izaten da herrian».

Herriko korrikalariei deialdia

Krosaren 25. urteurrena izanik, deialdi berezia egin zaie krosean parte hartu duten herritarrei igandean ere parte hartzeko. «Ia 40 herritarrek parte hartu dute 25 urte hauetan», esan du Garmendiak. «Deialdia egin dugu krosaren egunean etortzeko, argazkia ateratzeko denak batera, aurtengo kamiseta jantzita. Gero nahi badute itzuli bat egin, edo bi itzuli edo proba osoa, hiru itzuli direla. Horrez gain, gonbidapena egiten zaie elkartera bazkaltzera joateko».

Uriak ez dio sailkapenari begiratzen krosean parte hartzerakoan: «Nire gorputza ezagutzen dut. Batzuetan hobeto sentitzen zara, besteetan okerrago. Nire denboran ibiltzera joango naiz, sailkapena begiratu gabe. Beti estutzen duzu zure burua, baina gozatzeko asmoz jango gara».

Agirrek dioenez, aurreneko urteetan baino hobeto aritzen da gaur egun korrika: «Denbora ere hobetzen joan naiz. Orduan lotsagatik ez nintzen entrenatzen, eta proba bukatzea ere niretzat meritu handia zen. Orain entrenatzen naiz». Postuari begiratzen dio Agirrek, eta ahalegina egiten du ahal duen aurreen sailkatzeko, «baina gehiegi estutu gabe. Erritmo bat hartuta daukat, eta horri eusten diot». Garmendiak espero du aurten, urte berezia izanik, Agirrez aparte herriko beste hiru edo lau emakume aterako direla. «Lehia polita da, sanoa bada», azaldu du.

Bere aldetik, Garmendiak dio lehiakorra dela: «Ateratzen naizenean ahal dudan gehiena ematen dut, beti ere kontuan hartuta gozatzera eta proba ondo bukatzera noala. 25 urte segidan egiteaz gain, beste erronka bat ere badut: 25 urte hauetan proba guztiak 40 minutu azpitik egitea».

Azken urteetan 100 eta 150 korrikalari bitartek parte hartzen dute krosean. Lehenengo urtean 45 inguru atera ziren, gero poliki-poliki handitzen joan da korrikalarien kopurua, 100 parte hartzaileetara iritsiz, eta hortik gora ere handitzen joan da, urte batean 250 ingurura iritsi arte. «Parte hartzea handia izan da. Eta horrelako jende asko izateak sekulako poza ematen du», esan du Agirrek.

Garrantzitsuena jendea pozik joatea dela esan du Garmendiak: «Dutxatzeko aukera dago, hamaiketakoa ematen da, eta parte hartzeagatik kamiseta oparitzen da. Azkenean, jendea gustura geratzea nahi dugu». Jende askok Ikaztegieta krosarengatik ezagutzen duela gaineratu du Garmendiak. Gehienbat gipuzkoarrek parte hartzen dute, baina beste herrialdeetatik ere etortzen dira eta baita Euskal Herritik kanpo ere.

Egutegian ere finkatuta dago herri krosetako denboraldian Ikaztegietakoa, eta Behobia-Donostia lasterketaren ondoren egiten denez, korrikalariek hartu duten sasoia mantentzeko ere parte hartzen dute. Uriak azaldu duenez, «salto bat izan zen herri krosetako egutegian sartu zenean parte hartze kopuruaren aldetik. Oso data egokian jarrita dago».

Urte guzti hauetan gizartea aldatu egin da eta krosaren parte hartzea ere bai. «Orain dela 40 urte jendea lotsatu egiten zen korrika egiteaz», esan du Garmendiak. «Nik galdetzen nien zergatik ematen zien lotsa, gauza on bat egiten ari baitziren. Orain ere emakumezko gehiago ikusten dira krosetan eta horrek poza ematen du».

Hainbat pasarte ere izan dituzte, eta Agirrek badu bat oso gogoan: «Urte batean larri samar bukatu nuen eta esan nuen hura izango zela azkena. Gero, pixka bat gehiago ibili naiz, eta hobeto egiten dut lasterketa. Beti izan dut kirola egiteko gogoa». Antolakuntza aldetik ere izan ditu Garmendiak bere pasadizoak: «Urte askotan gertatu izan da azkeneko astean zenbait korrikalarik, Marokokoak-eta, deitu izan dutela ea saritan zenbat diru ematen den. Esaten diegu herri lasterketa dela eta nahi badute etorri, saria kirol material izaten dela. Orduan galdetu izan dute ea dietaren bat ordaintzen dugun. Guk erantzuten diogu ez dela gure filosofia, herri lasterketa dela»

Izena egunean bertan eman daiteke, edo aurretik herrikrosa.eus webgunean. Sariak, kirol materiala, lehenengo hiru emakumezkoei eta gizonezkoei, lehen beterano emakumezkoa eta gizonezkoari, eta lehen herritar emakumezko eta gizonezkoari ematen zaizkie. Kirol materialen zozketak ere izaten dira. Garmendiak gonbidapena luzatu die kirolzale guztiei krosean parte hartzeko: «Kirola egitea garrantzitsua da. Ondo egiten baduzu asko ematen dizu».

Egitaraua

09:00. Krosean izena emateko aukera, kiroldegian.

10:30. Haurren krosa. Kilometro bat egingo dute. Ez da izenik eman behar, eta ez da dortsalik, eta, beraz, sailkapenik izango.

10:45. Krosean parte hartu dutenen ikaztegietarren argazkia, irteeran.

11:00. Krosari hasiera emango zaio, Ostatuaren paretik. 10 kilometro ditu ibilbideak.

14:00. Herrigintza elkartean bazkideen arteko bazkaria.

Erlazionatuak

Ikaztegietako Krosa: 25 urte iruditan

Tolosaldeko Ataria 2015 aza 10 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!