Ikaztegietartutako irakaslea

Eneritz Maiz 2014ko eka. 27a, 08:00
Hogeita hamaika urtez Ikaztegietako Herri Eskolan lan egin ostean, erretiroa hartu du Maria Garai irakasleak. Omenaldi hunkigarria egin diote ikaztegietarrek.

1983. urtean iritsi zen Maria Eugenia Garai dimarra Ikaztegietako Herri Eskolara. Harrez gero, hamaika belaunaldi pasa dira bere eskola txikiko gelatik, eta aurtengo ikasturtea azkena dela eta, herri osoak omenaldi hunkigarria egin zion pasa den larunbatean. Hogeita hamaika urteko ibilbideari aurtengo ikasturtean eman dio amaiera.

Eskolako haurrek egin zioten lehen harrera, baina bere ezusterako belaunaldi guztietako ikasle asko eta asko, eta gaur egungo eta urte guzti hauetako beste hainbat guraso batu zitzaizkion bueltan.


Jarraian, udaletxe ondoan, Maria izena izango duen zuhaitza landatu zuen, orain bezala, beste urte askoan Ikaztegietak eta ikaztegietarrek  gogoan izan dezaten. Udaletxetik plazarako bidea, aldiz, bere gelatik pasa diren belaunaldi guztiek eginiko arkupetik egin zuen. Plazan, agurra dantzatzeaz gain, lau ikaslek gutuna irakurri zioten, eta beste hainbat opari jaso zituen.

Eskerrak eman nahi izan zituen irakasleak, eta «ikaztegietar sentitzen» dela adierazi.  Ia 200 pertsona elkartu ziren plazan bertan egin zen afarian, eta bertso eta kanturik ez zen falta izan. Urte guzti horietako argazkiekin osatutako bideo emanaldiarekin eman zioten bukaera, emozioz betetako omenaldiari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!