Paper industriarako makinak egiten dituzte Apatta industrialdeko Voith Paper enpresan. 163 langilek lan egiten dute bertan, eta esan dute bi greba egun egingo dituztela lan hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. Gaur izan da lehen greba eguna, eta ostegunean izango dute bigarrena. Apirilean hamabost langile kaleratzeko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak —azkenean lau kaleratu zituen—.
2025eko ekainean hasi ziren hitzarmen berria negoziatzen, baina elkarrizketak blokeatuta daudela salatu du ELA sindikatuak. Izan ere, enpresak ez du onartzen hitzarmenean langileen eskaera nagusia ezartzea: langileen soldatak KPIaren igoeraren arabera eguneratzea.
Sindikatuak salatu du, gainera, azkenekoz bildu zirenean zuzendaritzak zera proposatu zuela: langileen lanaldi jarraitua lau hilabetekoa izan ordez bi hilabetekoa izatea. «Langileen helburua da egungo lanaldiaren egutegiari eustea eta soldata eguneratzea, eta zuzendaritzak proposatutako aldaketa atzerapauso bat izango litzateke negoziazioetan».
Horrez gain, ELAk esan du batzordeak zenbait proposamen eraman zituela hitzarmenaren azken bilerara, «lanaldiaren egutegiari buruzko jarrerak hurbiltzeko», baina zuzendaritzak denak baztertu zituela. Gogoratu behar da iaz ELAk salatu zuela zuzendaritzak aldi baterako erregulazio bat ezarri ziela langileei aurretik batzordearekin adostu gabe. «Enpresak irabaziak handitu nahi ditu lanpostuen eta langileen lan baldintzen kontura», gaitzetsi zuen orduan.