Ez dute akordiorik lortu Voith Paper enpresan

Ataria 2026ko apirilaren 22a

Enpresa batzordeak salatu du 15 pertsona kaleratu nahi dituztela. Aldi baterako erregulazio espedientea negoziatzen aritu dira, baina ez dute adostasunik lortu.

Voith Paper Tolosako Apatta Industrialdeko enpresak papergintza industriarako ekipamendua eta zerbitzuak eskaintzen ditu. 186 beharginek egiten dute lan bertan. Bada, urte bukaerara arte ezarri nahi duten aldi baterako erregulazio espedientea negoziatzen aritu dira. Hain zuzen, atzo amaitu zuten negoziaketa epea eta 
ez ziren akordio batetara ailegatu.

Enpresa batzordeak –ELAk bost ordezkari ditu eta lau LABek– esan du ERTEa negoziatzeko lehen bileran enpresak hamabost pertsona kaleratu nahi dituela adierazi zuela. Horrekin batera, batzordea bera enpresaren transmisio-uhala izatea nahi dutela salatu dute. Enpresa batzordeak argi adierazi du hori ez dela euren lana; «kontuan izan behar da ez gaudela ERE baten aurrean, ez litzatekeelako iristen beharrezko lege-mugara».

Pasa den urtean ere zuzendaritzak ERTE bat ezarri zuela gogoratu du enpresa batzordeak, eta ondoren adostu gabe luzatu egin zuela. Era berean, enpresa hitzarmena berritu gabe dutela ere gaineratu dute.

Enpresa batzordeak uste du Voith taldeak irabaziak handitu nahi dituela «Tolosako lanpostuen eta baldintzen kontura, enpresa berak onartu baitu irabaziak % 7tik % 10era igo nahi dituela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!